Juan Mari Lopez: "Bisitariak baino zumaiarrak dira negozioaren ardatza"

Maria Maya Manterola 2019ko abu. 1a, 08:23
Argazkia: Maria Maya Manterola

Juan Mari Lopez zumaiarrak 50 urte daramatza uda garaian Zumaiako hondartzetan izozkiak saltzen. Urte bakar batean egin du huts, soldadutzara joan behar izan zuelako. Familiatik jaso du Lopezek ogibidea: haren gurasoek barkilloak saltzen zituzten Bergaran 40eko hamarkadan. Anai-arreba guztiak, ordea, Zumaiako San Telmo kalean jaioak dira. 

Artisau izozkiak dira Lopezenak; hala ere, duela hamarkada batzuk, eskuz egiten zuten lan prozesu guztia. Oinarrizko osagaiak izotzez inguraturiko irabiagailuan sartu eta, arraun itxurako pala batekin ateratzen zituzten gero ontzira. Makina elektrikoak erabiltzen hasi ziren beranduago. Lopezek dioenez, aurrerapauso handia ematea ahalbidetu zien horrek, bai produktuaren kalitatean, eta baita produzitzeko denboran ere.

Hala ere, ez da urte hauetan guztietan aldatu den gauza bakarra. Zapore bakar bat egitetik, 12 zapore saltzera igaro baita negozioa. Banillazko helatua edo mantekaua saltzen hasi ziren Lopezen gurasoak. Marrubizkoa eta txokolatezkoa egiten hasi ziren ondoren, baina ez zen nahikoa izan bezeroak asetzeko: “Jendeak zapore gehiago eskatzen zizkigun”. Duela 40 urte, negozioa Lopezen esku geratu zenean, limoizkoa, jogurt izozkia eta hur zaporekoa saltzen hasi zen. Izozkia egiteko bi errezeta erabiltzen ditu, nagusiki, izozkigileak: kremazko edo sorbetezko oinarria izan dezake errezetak, eta gero gehitzen zaio zapore nagusia ematen dion osagaia. Kremazkoak esnearekin egiten dituzte; sorbetezkoak, urarekin.

Jogurt zaporekoa da Lopezen bezeroek maiteen duten zaporea. Lehen banillazkoa zen, baina ohiturak aldatu egin direla uste du. Eguraldiaren arabera aukeratzen duenik ere bada: bero handia egiten duenean, limoizkoa ere asko kontsumitzen da, freskagarria da-eta. Udan kukurutxoan saltzen dira gehien, eta neguan, etxera eramateko ontzietan. Hala ere, ohitura kontua dela uste du Lopezek: “Izozkia beroarekin erlazionatzen dugu hemen. Badira bestelako ohiturak ere; nordikoek, esaterako, urte guztian zehar jaten dute”.

Zaporeekin esperimentatzeko aukera eman dio negozioak Lopezi: olagarro zaporeko izozkia egin zuen duela hiruzpalau urte, Ramon Chamorrok emandako olagarro estraktu batekin. “Probatu genuenoi, behintzat, ez zitzaigun gustatu. Arraroa zen”, gogoratu du Lopezek.

Izozki industrialekin alderatuta, prezioan aldea egon badagoela uste du izozkigileak. Izozki litro batek bi edo hiru euro balio ditzake supermerkatu batean, eta Lopezek, bederatzi euroan saltzen du. Hala eta guztiz ere, etxean eginiko izozkia dela kontuan izanda eta gainerako artisau izozkiekin alderatuta, merkea iruditzen zaio. “Kalitatean, norberak bere esparrua defendatu behar du”, dio.

Lanean pasatzen du uda sasoia Lopezek. Goizean hiru edo lau orduz izaten da lantegian, izozkia egiten. Eguraldi txarra bi edo hiru egunez luzatzen bada, eten egiten du produkzioa, eginda duena saldu arte.

Gero eta bisitari gehiago ditu udan Zumaiak, baina bertakoak dira Lopezen negozioaren ardatza. Urola bailarako herritarrak ere “bezero bikainak” izan direla aitortu du, hala ere, Lopezek. Eguraldia da haren negozioaren oinarria: “Eragin handiagoa du salmentetan krisiak edo turista kopuruak baino. Bero egiten badu, denok garaile”.