Willis Drummond izango da aurtengo Dardarafesteko kartelburua

Baleike 2019ko uzt. 31a, 11:18

Abuztuaren 17an egingo da Dardarafest'19 rock jaialdia, ohi bezala, Amaiako plazan. 18:30etik aurrera hasiko dira taldeak igotzen agertokira. Aurtengo kartelburua Willis Drummond baionarrak izango dira. 

Dardara Zumaiako musika kolektiboak Dardarafest jaialdiaren aurtengo edizioa prestatu du. Ohi bezala, Kuadrilla egunarekin batera egingo da, Amaiako plazan. 18:30etik aurrera, sei talde igoko dira agertokira.

Dardarafest'19 honetako kartelburua Willis Drummond Iparraldeko hirukotea izango da. Antolatzaileen esanetan, Baionako taldea "gaur egungo euskal rock eszenako talde aktiboenetakoa da. Eraginei dagokienez, Negu Gorriak, Kuraia edo Berri Txarrak euskal taldeak, Seattle eta Washington D.C. hirietako 1990 hamarkadako eszena (Pearl Jam, Nirvana, Fugazi) eta atzo eta gaurko rock australiarra (ACDC, New Christs, The Drones) ageri dira". 

Moonshakers neskez osatutako talde bilbotarra da. "Rock garageroa eginez, goxotasuna eta amorruaren artean eraikitzen diren abesti gordinak bezain basatiak eskaintzen" dituztela diote Dardarako kideek. 

The Grace of Dionysus hirukote zumaiarrak ere izango du tartean jaialdian. "Grezia eta Zumaiatik soul, blues, garage eta psikodeliaz bustiriko Rock n Roll hirukotea. Luziferren kumeentzat elegantzia Jack Daniel'saz lurrinduta!!".

Kartela: Gatza factory.

Sustriak Bilbon eta Zumaian dituen taldea da Silicies Grizzlies. "Rocka beste zapore batzuekin nahasten duen taldea. Orain arte pareta bat izan omen da beraien jarraitzailerik fidelena, baina jendearekin probatzeko unea iritsi zaie!".

Serrulla donostiarrek, berriz, "era eklektikoan eraikitzen den konposizio barnerakoi eta inspiratzaileak" eskaintzen dituztela azaldu dute antolatzaileek. 

Jaialdiaren hasiera Leinad zumaiarren esku izango da. "Zumaiatik perkusioz eta erritmoz beteriko aireratzea, saihestu ezingo den hasiera erritual lisergikoa".