Irati Osari harrera beroa egin diote herrian

Baleike 2019ko uzt. 28a, 15:21

Osak zilarrezko domina irabazi berri du Europako maratoi txapelketan. Itxas-Gain taldeak antolatuta, Zumaian gaur omendu dute piraguista.

Europako maratoi txapelketan parte hartu du Irati Osak, baita zilarrezko domina etxeratu ere. Hala, Itxas-Gain taldeak antolatuta, harrera beroa egin diote gaur piraguista zumaiarrari. Beheko plazan hasi da omenaldia, eta Kofradiarako bidea hartu dute hainbat herritarrek, Osarekin batera.

Kofradiako balkoian, domina jantzi dio Oier Aizpuruak. Bost aldiz munduko txapeldun izan da Aizpurua. Harrera ekitaldian Arritxu Iribar aritu da aurkezle modura, eta Zumaiako emakumezko kirolariek egindako lanari jarri dio azpimarra. Bertan izan da Iñaki Ostolaza alkatea ere; adierazi du txikitatik ezagutzen duela Osa, eta bazekiela "piraguista handia" izatea lortuko zuela.