"Uda haur sahararrekin pasatzea oso esperientzia aberasgarria da"

Baleike 2019ko uzt. 27a, 14:33

Darahli elkarteko gazteak arduratzen dira egunerokoaz, Bakeleku Udalekuetan.

Larrabetzuko Bakeleku Udalekuetan 32 haur saharar uda pasatzen ari dira eta begirale lanetan dabiltza Darahli elkarteko 70 gazte. Elkarteko kideek azaldu dutenez, Larrabetzuko Udalak utzi die herriko eskola, eta "gustura" daude bertan. "Oso azpiegitura ona da, eta herrian harrera bikaina egin digute gainera. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiogu Larrabetzuko Udalari".

Katixa Garciak, Izar Azkuek eta Ane Arrietak bosgarren urtea dute begirale lanetan, eta "haur sahararrekin uda pasatzea esperientzia oso aberasgarria" dela nabarmendu dute. "Asko ikasten dugu haurrengandik, eta ederki pasatzen dugu gainera. Horregatik errepikatzen dugu urtero".

Gazteek antolatzen dute udalekuetako egunerokoa. "Goizetan igerilekura joaten gara, eta arratsaldetan futbol zelaira. Horrez gain, jarduerak eta jolasak ere antolatzen ditugu". Aisialdia kudeatzeaz gain, gazteak arduratzen dira eguneroko mantenu lanez ere, "sukaldaria dugu, baina garbiketa lanak guk egiten ditugu".