Goikoetxeak eta Inzak irabazi dute Donibane Lohizuneko bigarren masterra

Baleike 2019ko uzt. 26a, 12:13

Donibane Lohizunen jokatzen ari diren Internationaux txapelketako lau masterretatik bi jokatu dituzte jada, eta biak ere Zumaiako pilotariek irabazi dituzte. Lehen masterra Imanol Lopezek irabazi zuen, Olharekin, eta bigarrena Iñaki Osa Goikoetxeak irabazi du, Inzarekin. 

Beste behin ere leporaino bete da Donibane Lohizuneko Campos Berri frontoia zesta puntako jokalari onenak ikusteko. Goikoetxea eta Inza, Egiguren eta Basqueren aurka. Partida gogorra eta berdindua izan da atzo jokatutakoa. Lehen setean 12-9 emaitzarekin aurretik izan dira Egiguren eta Basque, baina urdinez jokatu duten Goikoetxeak eta Inzak 13na berdindu dute, eta baita aurretik jarri ere (13-14). Gorriek 14na berdintzea lortu dute, baina azken tantoa urdinen alde erori da, 14-15.

Bigarren setean ere aurretik joan dira gorriak, baina 10na egin ondoren, Goikoetxeak eta Inzak ihes egin dute markagailuan, eta 12-15 emaitzarekin irabazi dute bigarren seta, eta, ondorioz, partida eta masterra.

Asteartean hasiko dira jokatzen hirugarren masterra: Egiguren-Basque, Goikoetxea-Irastorza, Patxi-Tambourindeguy eta Olha-Ekhi bikoteek hartuko dute parte.

Gernikako Grand Slama

Aurretik, Gernikan izango dituzte partidak Zumaiako bi pilotariek. Bihar, 21:00etan hasita Gernika Grand Slameko finalaurrekoak erabakitzeko partidak jokatuko dira. 

Alde batetik, Beaskoetxea eta Imanol Lopez, Egiguren eta Inzaren aurka neurtuko dira B multzoko partidan. Finalaurrekoetarako txartel bakarra dago jokoan, eta bi bikote hauek lehiatuko dira haren bila, Barandika eta Ekhi dagoeneko sailkatuta daudelako. 

A multzoko partidan Goikoetxea-Lekerika eta Hormaetxea-Aldazabal bikoteak arituko dira aurrez aurre. Mendizabal eta Etxetok osatutako bikotea dagoeneko kanporatuta dago, beraz, multzoko lehena zein den erabakiko dute biharko hitzorduan.