32 haur saharar ekarriko ditu Darahlik Zumaiara asteburua pasatzera

Saharako errefuxiatuen kanpalekuetatik etorritako 32 ume Darahli elkarteak kudeatzen duen Bakeleku udalekuan ari dira uda pasatzen. 10 eta 12 urte bitarteko haurrak dira, eta Euskal Herrira ekarri ohi dituzte desertuko berotik ihes egiteko. Datozen egunotan Zumaian izango dira asteburua pasatzen.

Bakeleku udalekua Larrabetzuko herri eskolan kokatuta dago eta bertan Zumaiako 70 bat gazte ari dira begirale lanetan. Begiraleek eguneroko ohiko ekintza guztiak gestionatu behar dituzte: janaria prestatu, gelen garbiketa, arropa garbitu eta jaso, garbiketa orokorra, umeak dutxatu. Honez gain, kirol eta tailer ezberdinak antolatu behar dituzte, eta irteera ezberdinak egin: igerilekura, hondartzara, inguruko herriak ezagutzera. Eta, nola ez, ume guztiak mediku azterketa egitera eraman, bereziki batzuk dentistarengana, behar handia izaten dutelako.

Datorren asteburu honetan, baina, Zumaian izango dira haur hauek, “udalekutik atera eta familia giroa ezagutu dezaten”, Darahlitik aditzera eman duten bezala. “Uztailaren 26, 27 eta 28an Zumaiara asteburu luzea pasatzera ekarriko ditugu eta monitore gazte hauen familietan lo egingo dute”. 

Bihar Usurbilen egingo dute egun pasa, eta tailerrak, jolasak, bazkaria eta kirol jarduerak izango dituzte. Gero, 19:00etan, haur hauek Zumaiako familiatan banatuko dituzte. 

Larunbatean irteera bat egingo dute itsasontziz flyscha ezagutzeko. Eguerdiko 12:00etan, berriz, harrera egingo diete udaletxean alkateak eta zinegotziak. 13:00etan jolasak eta bazkaria izango dute Santiago hondartzan, eta 19:00etan familietan banatuko dituzte.

Asteburuarekin amaitzeko, igandean egun pasa egingo dute Zestoan. Hango udaletxean ere harrera egingo diete, eta ondoren puzgarriak eta herri bazkaria egingo dute.