Emakumezkoen Telmo Deunek denboraldiko bigarren bandera irabazi du

Baleike 2019ko uzt. 22a, 09:04

Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteko emakumezkoen ontziak denboraldiko bigarren bandera irabazi du. Orain astebete Portugaleteko bandera ekarri zuten etxera; igande honetan Orioko Kanpina banderan izan dira nagusi.

Bezperan Sestaon jokatutako estropadan hirugarren izan ziren Kike Manterolak gidatutako neskak. Egun bat geroago, igandean, Orion jokatutako estropadan lehenak izan dira gorriak. 48 ehuneko besterik ez dira egon Zumaia eta bigarren egin duen Hibaikaren artean, baina nahikoa bandera Zumaiara ekartzeko. Zumaiak 11:31,90 denbora egin du, Hibaikak 11:32,38, hirugarren izan den San Juanek 11:40,24 eta laugarren egin duen Deustok 11:44,98.

Jardunaldi honen ondoren, Zumaia ETE ligako lidergora itzuli da. 70 puntu ditu, eta Hibaikak 69. Deusto da hirugarren 56 punturekin, eta Tolosaldea laugarren 55ekin.

Ostegunean izango dute hurrengo estropada, Lekeition. Larunbatean, berriz, Colindresen dute hitzordua.

Ez da asteburu ona izan hau gizonezkoen traineruarentzat. Aurreko estropadetan, Kaiarriba banderan eta Gipuzkoako txapelketan, lan ederra egin zuen mutilen Telmo Deunek. Asteburu honetan, baina, ezin izan ditu emaitzak errepikatu. Larunbatean, Marina de Cudeyoko banderan, bederatzigarren izan zen Zumaia, eta igandean, Errenterian, zortzigarren. 

Emaitza hauen ondoren, sailkapen orokorreko bederatzigarren postuan da Zumaia, 39 punturekin. Aurretik duen Camargo lau puntura du Zumaiak. Ostegunean, Santiago egunean, Lekeition izango du estropada, larunbatean Santoñan, eta igandean Getxon.