Leok’k taldeak kontzertua emango du bihar gauean Beheko plazan

Baleike 2019ko uzt. 19a, 08:33

Iaz plazaratu zuten Infinituari segika diskoa aurkeztuko dute zuzenean. Abesti propioez gain, euskarara ekarritako bertsio batzuk ere joko ditu taldeak. Kontzertua 23:00etan hasiko da.

Leok’k taldeak kontzertua emango du bihar gauean Zumaian, Beheko plazan. Iaz argitaratu zuten Infinituari segika diskoa aurkeztuko dute zuzenean. Emanaldia 23:00etan hasiko da. 

Taldea sortu zutela 50 urte ospatu zuten iaz, eta horrekin batera aipatu diskoa plazaratu zuten, beraien ibilbideko hirugarren. Aurreko biak bezala, Saemel (2006) eta Une bat... (2010), Mendebaleko Saharako Saemel priektuaren barruan doa. Diskoaren salmentatik ateratako irabaziak UNMS erakundeari (Emakume Sahararren Batasun Nazionala, gaztelerazko sigletan) erakundeari emango dizkiote. 

Seikotea, gaur egun, Juan Antonio Kortadik (gitarra erritmikoa eta koroak), Gotzon Lizasok (sintetizadoreak eta koroak), Jesus Aranberrik (Hammond organoa eta piano elektrikoa), David Gorospek (bateria), Alfonso Guillok (baxua) eta Luis Llavori zumaiarrak (ahotsa eta gitarra solista) osatzen dute. 

Rocka euskaraz

Taldea 1968an sortu zuten Zestoan. Hasieran, Alejandro eta Juan Antonio Kortadi anaiek, Mitxel Orbegozok, Sebastian Etxeberriak eta Gotzon Lizasok osatu zuten taldea. Geroago, Luis Llavori gitarra jotzailea batu zitzaien. Gitarra gainean, Urolako trenean joaten zela du gogoan Llavorik. "Azken trena galdu eta buelta oinez egin behar izan nuen behin edo beste", dio taldeko abeslariak.

Garai hartan indarra zuen berbena giroan mugitzen zela du gogoan Llavorik. Dantzaldien munduan aritzen ziren, baina beraien asmoa ahalik eta musika aurreratuena jotzea zuten. Garai hartan euskaraz abesten zuten talde urrietakoa zen Leok’k. Abenturaren lehen fasea urte gutxi batzuk geroago bukatu zen, 1972an, taldekideek soldadutzara joan behar izan zutenean. 

1992an elkartu ziren berriro, Zestoako rockaren urteurrenaren baitan. Kontzertu batzuk eman zituzten, eta baita jaialdi batzuetan parte hartu ere, "beti ere rocka euskaraz eskaintzeko asmoarekin", dio. 

Lehen kontzertu haien ondoren, estudioan sartu eta lehen diskoa grabatu zuten, 2006ko Saemel. Disko horrek, ordea, ez du existitzen, baimen arazo batzuk zirela medio, kopia guztiak txikitu behar izan zituztelako. "Agian kopia pirataren bat izango da hor bueltaka", dio bromatan Llavorik. 

Handik lau urtera atera zuten bigarren diskoa, Une bat... izenekoa, eta beste zortzi urte behar izan zituzten bihar Zumaian aurkeztuko duten Infinituari segika diskoa ateratzeko. Finantzaketa kolektibo kanpaina jarri zuten abian, baina ez zen espero bezala atera, eta beraien diruarekin ordaindu behar izan zituzten estudioko eta kopien gastuak. 

Bigarren aro honetan biziberrituta dago Leok’k. Horren adibide da abesti berriak konposatu dituztela. Estudioan sartzeko asmoarekin daude taldekideak disko labur bat ateratzeko. Disko horretarako gordetako abesti batzuk ere estreinatuko dituzte Beheko plazako kontzertuan.