'Trabajadoriak: zigor destakamenduak Gipuzkoan' hitzaldia izango da Itziarren bihar

Itziarko Auzo Udala 2019ko uzt. 17a, 10:32

Erregimen frankistaren menpean gure inguruko errepideak eraikitzen aritutako langile behartuen berri emango du Aiala Oronoz Mitxelena historialariak. Hitzaldia 20:00etan izango da, Burugorri Ostatuaren gainean dagoen aretoan.

Memoria historikoaren matazak baditu oraindik azaleratu gabe dauden hainbat korapilo: Beste batzuen artean, gure inguruan trabajadoriak bezela ezagututako langile behartuena. 1942 eta 1944 urteen bitartean, erregimen frankistaren mila berrehun presotik gora egin zuten lan Gipuzkoan. “Redención de penas por el trabajo” sistema pean egin zuten lan preso hauek, 1938an sortutako Patronato Central para la Redención de Penas por el Trabajo erakundeak kudeatutako lanetan. Erakunde honek, 1943an, 15.000 preso baino gehiago erabili zituen 121 zigor destakamentutan. Gipuzkoan zazpi zigor destakamentu ezarri ziren obra publiko eta pribatuak garatzeko Irun, Errenteria, Donostia, Zestoa, Itziar, Zegama eta Eibarren.

Horretarako, Aiala Oronoz Mitxelena historialaria gonbidatu dute Itziarren azalpenak eman ditzan. Berak idatzitako “A pico y pala” liburuan langile behartuen egoera eta bizibaldintzak ageri dira. Gerra ondoren, bortxazko lanak Gipuzkoan non eta nola antolatu ziren argituko digu hitzaldian. “Patronato para la rendición de penas” izenarekin, ehundaka presoen lanak ikuskatu eta antolatu zituen erakunde horrek, N-634 errepidea egokitzera bidalitako langile behartuen izen abizenak plazaratu ditu Aialak bere liburuan. Itziarren, Urtiaga baserrian izan zuten aterpea. Gerra ondorengo urterik gordiñenetan, hainbat presondegitik etorritako langile errepublikarrak, herri lanetan aritu ziren, Aialak dioen bezela “a pico y pala”, beste tresnarik gabe, sortzen zituzten harri eta lur pilak mugitzeko trenbidetik ekarritako errailen gainean bagoi zahar bat jarrita. Inguru hauetan aritu ziren gose garai haietan, baldintza gogorretan. Gaur egun, inguruko herrietan bezela, oraindik ere ikusi daitezke gizon haiek egin zituzten lanak Itziar aldean: Otakorra, Akebarro, Atxili eta Olabe azpiko errabueltetan edo Itziar gaineko herrirako sarreran. Gaur egun, kasu batzuetan, lanak egin aurretik 634 nazionalak zernolako trazaketa izan zuen ikusi dezakegu, begirada horretara bideratuta. Zituzten lan baldintzaz galdetuta, herriko edadetuek bat azpimarratzen dute: gosea. Inguruetako baserritarrek, errukituta, zituzten jaki apurrak partekatzen zituzten langileekin. Aitzurra eta azala besterik ez omen ziren, halamoduzko jazkera eta atsedena tamaiñan, lepo meharrak eta kokoteko zuloa sakona.

Orain arte langile izengabeak izan dira, errepresioaren zama gutxi izan ez eta ahazturan galdu diren gizonak. Itziarko Auzo Udalak preso errepublikar haien lanak plazaratzearekin, omenaldi xume bat eskaini nahi izan die. Hitzaldia 20:00etan izango da, Burugorri Ostatuaren gainean dagoen aretoan.