Zumaiako eskubaloiaren mende erdiko historia jasotzen duen erakusketa zabaldu dute

Baleike 2019ko uzt. 16a, 10:47

Zumaian lehen eskubaloi taldea sortu zutela 50 urte betetzen dira aurten. Urteurren horren harira, ekitaldi batzuk antolatu dituzte. Horien artean dago atzo Alondegiko Oxford aretoan zabaldu zuten erakusketa.

Club Deportivo Zumaia izenarekin lehenbizi, Pulpo bezala ondoren, 800dik gora lagunek jokatu dute eskubaloira urte hauetan guztietan Zumaian. Talde horien argazkiak, kamisetak, beste taldeek emandako banderatxoak, jokalarien fitxak, edota lehen markagailua erakutsiko dituzte igande goizera arte Oxforden. Erakusketak ordutegi hau izango du: 

  • Astegunetan: 18:30-20:30
  • Larunbatean: 12:30-14:00// 18:30-20:30
  • Igandean: 12:30-14:00

Ekitaldiek larunbatean jarraituko dute: eguerdi partean Zumaiako eskubaloiaren aitzindariak izan ziren lagunak omenduko dituzte. Hamaiketakoaren eta txikiteoaren ondoren, bazkaria izango dute Herri Eskolako frontoian.