Bandera eta lidertza

Aintzane Urbieta 2019ko uzt. 16a, 10:14

Aintzane Urbietak aurreko arraun jardunaldiko balorazioa egin du audio bidez. 

Eta azkenean heldu da! Oraindik sinistu ezinean nago. Sekulakoa izan zen igandekoa, pentsatze hutsarekin oilo ipurdia ipintzen zait. Lehenago edo beranduago bandera eroriko zelaren konfiantza bagenuen, baina igandekoa handia izan zen. 

Asteburu bat lehiaketarik gabe igaro ostean, beldurra neukan, tripulazio batzuek nabarmen gora egiten dutelako. Guri esaterako, deskantsua ondo etorri zitzaigun eta asteburu honetarako oso motibatuak heldu arren, errespetua ematen zidan estropadak.   

Izan ere, Portugaleteko estropada eremuko kaleen zozketak paper garrantzitsua jokatzen du. Atzokoan, bazirudien  laugarren kalea zela onena eta lehenengoa ere ez zela hain txarra. Gu lehenengotik joan ginen. Irteera azkar baten ostean irteera ona eman genuen, gure arraunketa hartu genuen eta hasieratik aurretik jarri ginen. Ziabogan dagoeneko abantailarekin sartu ginen eta helmugararte abantaila hori mantentzea lortu genuen. Helmugan bizi genuena hitzekin ezin da adierazi, hain da esplosiboa, hain berezia, ezen ezin dela deskribatu.  

Bandera guztiak dira bereziak baina hain berria den ekipo batentzat horrelako garaipena izugarria da. Niretzat ez da izan lehenengo bandera, baina taldekide askorentzat bai eta ezin duzue imajinatu zeinen harro nagoen daukadan ekipoaz. Bestalde, taldekide izan diren eta egun aurkari diren arraunlarien/lagunen besarkadak aipatu nahiko nituzke. Arraunak hori ematen baitizu, magikoak diren momentu hauek eta betirako lagunak. 

Eguna borobiltzeko, banderarekin nahikoa ez eta lidertza ere lortu dugu Hibaikari puntu bateko aldea ateratzen diogularik. Ondorioz, lanean jarraituko dugu eta zergatik ez, baita amesten ere!

Amaitzeko, gure mutilei ere zorionak eman nahi dizkiet, larunbatean sekulako estropada egin zutelako Kontxako Badian ondo merezitako laugarren postu bat lortuz.