Orduan bai

Mari Axun Albizu Urteaga, lili eder bat

Imanol Azkue Ibarbia 2019ko uzt. 13a, 09:00
Zearreta-albizutarrak, Artadin, 1999-07-18an. Ezkerretik eskuinera, Jon, Mari Axun, Juan Mari, Mari Axun eta Joxe Kruz.

Nik 14 urte neuzkan. Donostiara joanak ginen, Euskaltzaindiaren D tituluaren (oraingo EGAren) azterketara. Han, beste bi zumaiarrekin egin genuen topo; bat Mari Axun Albizu zen, eta bestea Juan Ignazio Mendia apaiza. Orduan ezagutu nuen, eta ordutik, euskararekin lotu izan dut; gaurko elkarrizketaren ondoren, are gehiago.

1946an jaio zen, San Pedro kalean, eta hiru ahizpatan gazteena da. Gurasoak Maria eta Joxe Kruz zituen; ama Konfiterozarrenekoa, eta aita San Telmo kaleko Juli Ximonenekoa. Haurtzaro atsegina du gogoan: “Ez geneukan ezer, baina oso gustura bizi ginen; etxea txikia zen, baina denok kabitzen ginen, eta kanpotik etortzen zirenak ere sartzen ziren; orain etxe ederrak dauzkagu, baina ez da nahikoa...”, dio. Gurasoak alaiak ziren, eta irratian musika entzunez gero, aitak dantzan jartzen zituen, “Benga, umeak!” esanda. Gogoan du bereziki aitak euskara nola lantzen zuen: “Gurean liburu askorik ez, baina bazen Euskal Gramatika, pasilloko apal batean, eta noizbehinka aitak hartzen zuen, errepasatzeko... Oherakoan, haren jolasak izaten ziren abestiak eta kontu txikiak: ‘Eragiozu eskutxoari...’”; komunio txikia egin behar zutenean ere, apaizari eskatuta, aitak azkenean lortu zuen euskarazko doktrina. Egun berezietan, abestu egiten zuten etxean, leihoak zabalduta, eta auzokoak ere gustura: “Metroko Julik esaten zigun: ‘’Maritxu, ¿cuándo vais a empezar a cantar?”. Aitak ekiten zion, “Jeiki-jeiki, euskotarrak...”, eta haren atzetik guztiek. Familian badute kanta bat bereziki estimatua, askotan abesten dutena: “Edozein ospakizunetan, bazkaritan, aitak esaten zigun jaikitzeko eta ‘Lili eder bat’-ekin hasten ginen beti, hiru ahotsetara; horixe da gure kanta, eta oso presente egon da gure bizitzetan”.

Albizu-urteagatarrak Ibañarrietan, 1950eko maiatzean, Rebeca lehengusuarekin.

Maria eta Jose kolegioan ikasi zuen, “Erdaraz. Pagokoak eta debaldekoak geunden. Pagokoek uniformea zeukaten, urdina, eta debaldekook bata beltza, kuello zuriarekin”. Kalean erdaraz ere hitz egiteko joera bazeukaten, baina etxeko entradan sartu orduko, dena euskaraz. Jolasean neska eta mutil elkarrekin ibiltzen ziren: trenadioska, kukuka, azakaponetan, kromotan... Diru pixka bat baldin bazuten, akordatzen da Sorazurenera (Alpargateroenekora) joaten zirela: “Laranja tokatuak [mailatuak] izaten zituen, aparte jarrita, eta zer txanpon geneukan, ematen zigun, eta laranja haiek, erditik moztuta... ederrak!”.

Albizu-urteagatarrak Arritokietan, lehengusu baten "meza berria" zela eta.

Oinarrizko ikasketak egin ondoren, “Comercio” ikasi zuen, kolegioan bertan: kontabilitatea, administrazioa, takigrafia, frantses komertziala... Bukatu zuenean, 17 urterekin, Otañoneko drogerian hasi zen, eta han egin zuen lan Juan Mari Zearretarekin ezkondu zen arte. “Orduan, ezkontzeko, emakumeak lana laga egin behar. Marka da, gero!”, dio. Badaezpada ere, “Servicio Social” atera zuen, nonbaiten lanean hasi behar bazuen ere, baina gero ez zuen haren beharrik izan.

Ezkontza batetik irtendakoan, estratan behera.

1974an, bizitzaren norabidea markatuko zion aukera sortu zitzaion. Maria Pilar Beobide Ameriketatik etorri eta komentatu zion Jon Oñatibiak euskara zabaltzen hasi nahi zuela eta Donostiako Seminarioan ikastaro bat egiteko. “Ordurako bi ume txiki neuzkan; gizonari komentatu eta esan zidan ‘Orain zertarako hasi behar duzu?’, baina ‘Zergatik ez, ba?’, esaten nion neure buruari, eta han joan ginen lau zumaiar”. “Euskara irratiaren bidez” metodoan trebatzen aritu ziren, eta ondo gogoan dauzka oraindik orduko abestiak. Hura eginda, abisua etorri zitzaion Arrangoletan [eskola nazionalean] euskara eman behar zela, Oñatibiaren metodoarekin, eta animatu egin zen; klaseak irrati bidez ziren, baina Arrangoletan irratirik ez eta Eugenio Arrizabalaga alkatearekin hitz eginda, hark esan zion Gajatenean enkargatzeko zazpi irrati, eskolarako. “Klasea ordubete besterik ez zen, baina zerbaitekin hasi beharra zegoen! Irratsaioa hasten zen: ‘Goazen denok batera euskara ikastera...’”, dio barrez; urtebetez aritu ziren.

Santa Ageda bezperan, San Pedro ikaastetxearen aurrealdean, ikasle talde batekin.

Handik denbora batera, 1976an, hirugarren umea izan berritan, beste aukera bat sortu zitzaion, San Pedro ikastetxean, Ubillosen: “Mertzedarioek alde egin behar zuten, gurasoek nahi zuten eskolak aurrera egitea eta euskara ematea... Eta han hasi nintzen, lehen mailatik zortzigarrenera, euskara klaseak ematen”. Pixkanaka, gainera, metodoa bere erara moldatu zuen; klase bereziak ziren: “Gela berean, bi talde egiten nituen, euskaraz bazekitenak eta ez zekitenak, eta euskara desberdin landu; ipuinak eramaten nizkien, eta etxean, haiek prestatzen, batzuetan goizeko ordu biak jotzen zizkidaten”. San Pedro ikastetxea B eredukoa zen, baina1989tik txikienekin dena euskaraz ematen hasi ziren, eta beste ikasleekin asignatura batzuk ere bai. Gainera, bestelakoak ere egiten zituzten euskaraz: irratsaioak, abestiak, antzerkia, bertsoak..., eta oraindik ere gordeta dauzka grabazio haietako batzuk, kasetetan, txukun-txukun. Klaseak eman ahal izateko, hasieran ez zeukan titulu ofizialik, eta Euskaltzaindiaren D titulua atera zuen, 1979an; horretan asko lagundu zion Maria Jesus Golmaio lagunak.

5. mailakoekin, Estazioan, trena hartzeko zain. Donostiara zihoazen, antzerki emanaldia eskaintzera.

1987an minbizia etorri zitzaion, eta lana laga egin behar izan zuen denboraldi batez, baina ordezko ona aurkituta: Arritxu Iribar. Beste irakasleak ere gogoan dauzka, baita beraien arteko giro ona ere. Gainera, akordatu da nolako barne borroka izan zuen euskara batuarekin. “Gipuzkeratik batura pasatu beharra... Batzuek ez zuten nahi, beste batzuek bai, beste batzuei ez zitzaien inporta... eta zer egin? Batua sartzea inposaketa bezala ikusten genuen. Kosta zitzaidan, baina batuaren alde egin nuen”. Familia batek ez zuen onartu eta adierazi zioten ez zutela h-a erabiliko; beste askori, berriz, esplikatu behar izan zien euskarak bere ortografia zeukala: “Idazten zuten artuchut, eta nik erakutsi behar hartu ditut zela”.

Guztira hamasei urte egin zituen irakasle, baina etorkizun iluna zeukan ikastetxeak. Udalak ixteko asmoa zeukan, gero eta ume gutxiago zetozkien, neskak ere hartzen hasi ziren, baina... Azkenean, 1992an itxi zuten. “Negar pila bat egin nuen. San Pedrok izugarri markatu ninduen”.

Seme-alabekin Indamendin, 1981eko otsailean.

Minbiziaren ondorioz, bizkarra erasanda geratu zitzaion, eta kanpoan lanik ez egitea erabaki zuen. Baina batzuetan etortzen zitzaizkion laguntza eske, euskararekin laguntzeko, eta klaseak ematen jarraitu zuen etxean. Irakasle sena ez zaio apaldu, ordea, eta agerian geratu da bilobak aipatu dituenean; zortzi dauzkate, “zein baino zein ederragoak!”, eta gazteen hizkera mintzagai, “ahal horren gaitza”-ri heldu dio: “Sartu zitzaigun, denerako ahal eta ahal, eta baleike baztertu: joan ahal dut, egin ahal duzu…”.

Afizio handienetako bat abestea izan du, eta pena badauka: solfeoa edo pianoa ez ikasi izana. Irakurtzea ere asko gustatzen zaio; oso atxagazalea da, eta anekdota polit bat ere badauka: “Behin, etorri zen Atxaga, Nevadako egunak liburuarekin, eta esan nion: ‘Makina bat negar egin nuen nik, ba, zure liburuarekin’, eta hark ‘Bai? Zeinekin?’, eta nik ‘Bi anairekin. Bukaera hura... Txikituko zintudan!’; eta esan zidan pozten zela halako sentimenduak sorrarazteaz”. Aurten, ezkontzaren urrezko ezteiak izan zituztenean, “oso opari berezia etorri zen gurera; ireki nuen eta Bi anai zen, Bernardo Atxagaren dedikatoriarekin… Iloba joan omen zen Atxagarengana, beste liburu batekin, dedikatzeko eskatzera, eta azaldu zionean norentzat zen, hura bizia izan, akordatu, eta esan omen zion ‘Liburu hau ez, nik emango dizut bat, nirea, etxean daukadana’, eta Bi anai eman zion, dedikatuta. A zer poza eta oparia!”. Komentatu diot errematea izango zela Atxagak bukaera propio aldatzea beretzat, eta begiratu omen zuen, begiratu ere, liburuaren amaieran... Baina ez, ez omen zuen ezer gehiago idatzi. Eta hau ere bukaerara iritsita, nik ere zergatik aldatu bukaera edo gehiago idatzi?