Xabi Garcia (Chango Munks): "Jatorri anitzeko taldea gara, eta horrek saltsa pixka bat sortzen du"

Juan Luis Romatet 2019ko uzt. 12a, 11:01
Xabi Garcia, ezkerretik hirugarrena, Chango Munkseko beste partaideekin.

Chango Munks ska-punk talde eskoziarrak kontzertua emango du gaur Torreberri Gaztetxean (22:30etik aurrera), Zumaiako lehen gaztetxea sortu zutela 11 urte betetzen diren astean bertan. Taldeko baxu jotzailearekin, Xabi Garcia, zumaiarrarekin hitz egin dugu.

Eskozian bizitzen zortzi urte baino gehiago daramatza Garciak. Denbora honetan musika talde ugaritan aritu da, eta Chango Munks du azkena. Orain hilabete inguru atera zuten beraien lehen diskoa, eta hori aurkezten izango dira Euskal Herrian. Gaur Zumaian izango dira, bihar Urretxu-Zumarragan, Geltokietako jaietan, igandean Atxondon, eta asteartean Lekeition.

Nola heldu zinen Endiburgora?

Eskoziak beti erakarri izan nau. Hemen lana aurkitzea ez zen erraza momentu hartan, eta erabaki nuen hiru hilabetez hara joatea, ingelesa ikastera eta lekua ezagutzera... eta ez naiz bueltatu. Zortzi urte eta erdi noa han. Lehen urterako lana aurkitu nuen, eta nekazaritza arloan biologo lanetan nabil gobernuarentzat. Oso gustura nago, egia esan.

Orain Chango munks taldearekin zatoz. Zer talde da hau?

Ska-punk talde bat da, baina beste estilo batzuk ere jorratzen ditugu: rock pixka bat du, hardcore pixka bat ere bai, eta baita musika latino pixka bat ere. Fusioa egiten dugu. Leku desberdinetako partaideak ditugu taldean, eta horrek eragina du egiten dugun musikan. Taldean Eskoziako bi kide ditugu, bi anai italiar, ama kolonbiarra eta aita Sri Lankakoa dutenak, flandriar bat eta ni Zumaiakoa. Jatorri anitzeko taldea gara, eta horrek saltsa pixka bat sortzen du.

Nola sartu zinen zu talde honetan?

Hemen gitarra jotzen aritzen nintzen, ez inoiz modu serio batean, baina bai jendearekin jotzen. Eskoziara joan nintzenean jendea ezagutzen hasi nintzen, eta talde dezente ere izan ditut. Hasieran euskal-punk talde batean egon nintzen, Basque Conspiracy izenekoan, eta gero beste pare bat taldetan ere aritu nintzen. Baxua jotzen hasi nintzen ondoren. Aldaketa bat behar nuen, eta baxua ska musikan oso dibertigarria da. Horren ondoren, beste pare bat taldetan aritu nintzen, Chango Munksekin hasi arte.

Zenbat denbora zoazte talde bezala?

Urte eta piko goaz. Aurretik Andrew tronboi jotzailearekin beste ska talde batean aritu nintzen; ondo konpontzen ginen, eta proiektu hura utzi genuenean Chango Munksekin hasi ginen. Kanta batzuk idatzi genituen eta orduan hasi ginen taldekide bila. Orain dela hilabete atera dugu gure lehen diskoa, eta hori aurkezten gabiltza orain. Pasa den astean Edinburgon aurkeztu genuen, eta orain hemen aurkeztuko dugu.

Euskal Herriko lau herritan joko duzue. Nola sortu da bira hau?

Aspalditik genuen hemen jotzeko gogoa. Baina zaila da sei pertsonako talde bat mugitzea; diru asko behar da. Ez dira hegaldiak bakarrik; instrumentuak ere eraman behar izaten dira, eta lana ere izaten da kontzertuak lortzeko. Baina laguntza handia izan dugu, eta instrumentu asko utziko dizkigute. Horrek dena erraztu du. Kontzertu handi baten bila ibili ginen, eta hori lortzerakoan, etortzea erabaki genuen. Lau kontzertu emango ditugu bost egunetan. Ez dakit bizirik aterako garen hemendik!

Indie estiloko eskoziar taldeak ezagutzen ditugu hemen: Teenage Fanclub, Belle and Sebastian, Mogwai... Askoz zabalagoa izango da hango musika mugimendua, ezta?

Rock eta indie mugimendu indartsua dago Eskozian, baina, horiez gain, ska talde ugari daude han, ska eszena garrantzitsua dago han, eta oso talde onak, gainera. Eskoziako musika eszena desberdina da; taberna askotan jotzeko aukera eskaintzen dute... Beno, ska taldeentzat ez da hain erraza, taldekide asko izaten dituzte eta. Guk sei partaide ditugu, eta ska talde bat izateko txikiak gara; aurreko taldea bederatzi lagunekoa zen.

Zer espero dezakegu gaur Gaztetxean? Energia txute bat?

Hala espero dugu. Giroa izango dela uste dugu. Gaztetxearen urteurrena da, eta etorriko da jendea.