Korori dioten maitasunez bete zen atzo Beheko plaza

Baleike 2019ko uzt. 12a, 08:41

Maiatzaren amaieran, Koro Agirrezabalagak bideo bat partekatu zuen sare sozialen bidez LAM (Linfangioleiomiomatosis) gaixotasunaren berri emateko. Gaixotasun arraro hori du Korok, eta honek zer albo ondorio sortzen dizkion erakutsi nahi izan zuen bideo haren bidez. 

Bideo hura jende askok partekatu zuen sare sozialetan, eta oso eskertuta agertu zen. Beste mota bateko bultzada jaso zuen atzo zumaiarrak, eta borroka horretan bakarrik ez dagoela erakutsi zieten. 

Gazteguneko langilea da Koro eta gaixotasunaren inguruko solasaldi bat emateko konbentzitu zuten. Ez zuen, ordea, bela esperoko Beheko plazan aurkitu zuena: oholtza plaza erdian, pintxo eta edariez betetako mahaia Torreberriko aterpean, eta lagunak eta urte hauetan guztietan Gaztegunetik pasa diren gazte ugari bere zain. Korok ezer jakin gabe, omenaldi ekitaldia  antolatu zuten. Honen berri ez zen hedabideen bidez eman, ez eta sare sozialetan partekatu ere; albistea WhatsApp bidez pasa zioten batak besteari. Eskuak ahora eraman zituen Korok plazako muntaia ikusitakoan. 

Lehenbizi, duen gaixotasunaren berri eman zien bertaratutako gazteei. Hauek, jarraian, aurresku bat dantzatu zuten bere ohorez, eta ondoren izan ziren bertsoak eta abestiak. Gazte hauek eta bere lagunek Korori eskainitako maitasunez bete zen atzo Beheko plaza.