Nagore Garcia: “Gure lana zilegi dela defendatzera goaz Madrilera”

Maria Maya Manterola 2019ko uzt. 11a, 12:05

Presoen babes taldeetako 47 euskal herritar epaituko dituzte irailean Audientzia Nazionalean. Abokatuak nahiz Herrira, Etxerat eta Jaiki Hadi elkarteetako kideak dira auzipetuak, eta tartean da Nagore Garcia zumaiarra. Fiskalak 13 urte eta 6 hilabeteko espetxeratzea eskatu du harentzat, talde terroristako kide izatea eta terrorismoa goratzea leporatuta.

2013ko irailean atxilotu zintuzten, Eneko Ibarguren azpeitiarrarekin batera. Herritarren babes zabala jaso zenuten biek.
Sei urte pasa dira atxilotu gintuztenetik. Babesa sentitu nuela gogoratzen dut. Gerora konturatzen zara, hona iritsi ondoren, jende pila bat egon dela hor, bai familia eta baita gu babesten ere. Sei urte hauetan jendea galdezka ibili da; orain ere epaiketaren kontuarekin jende pila bat gerturatu da...

Atxiloketarena, bere garaian nahiko lekuz kanpo zegoela uste dut. “Hau gertatzen ari al da? Posible al da?”, galdetzen nion nire buruari. Guk garai politiko oso konkretuan egin genuen preso eta iheslarien aldeko lan hori, bazegoen esperantza bat zabalik. Konbentzimendua genuen preso eta iheslarien egoera konponbidean jartzeko, eta bat-batean, estatuak erabaki zuen operazio polizialen bitartez hori dena geldiaraztea.

Denbora pasa ahala, atzera begiratu eta ohartzen zara oso intentzionalitate zuzena eduki zuela estatuak. Momentu horretan, eta gaur egun ere, ikusten da espetxeetan gauzak ez direla aldatu eta ez zeukatela inongo borondaterik konponbidean urratsak emateko. Gure operazio poliziala eta atzetik etorri zena testuinguru horretan kokatzen dugu, nahiz eta bere garaian lekuz kanpo zeuden eta gaur egun ere anakroniko geratzen den kontu bat izan epaiketa hau.

Gu atxilotu, kalean utzi eta hilabetera atera zuen Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiak Parot doktrina-ri buruzko ebazpena. Hain zuzen ere, horren inguruko bilera bat egiten ari ginen atxilotu gintuztenean. Nahiz eta gu baldintzapean aske geratu, konponbidera begirako urratsak oztopatzeko erabili zuen estatuak operazio polizial hori.

Oroitzapen gazi-gozoak ditut. Gaziak, azken finean, proiektu oso polita eteten saiatu zirelako; saiatu esaten dut, herri honetan gerora ere jarraitu duelako preso eta eskubideen aldeko lan horrek, eta hori da garrantzitsuena. Ni horrekin geratzen naiz.


Erakunde terroristako kide izatea egozten dizuete. Auzipetze autoan, ordea, epaileak berak aitortu zuen aztertutako dokumentuan ez dutela aurkitu ETAren eta usteko Koordinazio Gunearen artean lotura zuzenik eta harreman organikorik zegoela esateko moduko “inongo daturik”.
Talde armatuko kide izatea leporatzen digute. “Beraien alde aritzen bazarete, zuek ere ETA zarete”. Horixe da beraien tesia.

Duela urte batzuk Euskal Herrian ezarri zuten Dena da ETA ideiaren barruan sartzen gaituzte gu ere. Nire kasuan, leporatzen didatena da agerraldi publikoak egitea, mobilizazioetan egotea, Herrirak egin zuen nazio batzarrean egotea eta dinamizatzea, eta Herriraren barruan egin dudan lana. Beraz, estatuak nolabait bere tesia egin du, eta hor sartu nahi gaitu, orain arte jende gehiagorekin egin duen bezala. Logika horren barruan sartzen du, eta logika horren barruan goaz epaiketara.

Autoan ez da sartzen gu zerbaiten jarraipena garen edo ez. Tesi hori defendatzen du estatuak, eta momentu konkretu batean komeni zaio egiten ari den lan bat geratzea, eroso ez dagoelako, edo horrek urrats batzuk ematera bultzatzen duelako.

Duela urte batzuk Euskal Herrian ezarri zuten Dena da ETA ideiaren barruan sartzen gaituzte gu ere. Nire kasuan, leporatzen didatena da agerraldi publikoak egitea, mobilizazioetan egotea, Herrirak egin zuen nazio batzarrean egotea eta dinamizatzea, eta Herriraren barruan egin dudan lana. 

Nola bizi izan dituzu sei urte hauek?
Epaiketa beti dago presente. Atxilotu gintuzten, zorionez ez gintuzten espetxeratu, baina baldintzapeko askatasunean gaude. Hamabost egunero sinatzera joan behar dugu, estatu espainiarretik ateratzeko mugak ditugu, eta, horrekin batera, noiz iritsiko den ez dakizun epaiketa baten zain egoteak zure bizitza erabat baldintzatzen du lana bilatzerako orduan, bizitza proiektu bat eraikitzerako orduan...

Auzipetu bakoitzak ahalik eta ondoen eramaten du, baina epaiketa baino gehiago espetxearen mamu hori dago zurekin sei urte horietan. Sei urte erraz esaten da, baina luze egiten da. Epaiketa ere prozesu luzea izango da. Orain data badaukagu eta epaiketa prestatzen ari gara.


Epaiketaren atarian Nagore Zumaian dinamika jarri du martxan herritar talde batek. Zer nolako babesa jaso duzu?
Niretzat izugarria da jendeak emandako bultzada. Hasieratik jende pila bat gerturatu da, bere intentzio onenarekin, kezkarekin, ardurarekin, laguntza eskaintzen...

Eskertzea besterik ez dut. Ez dut ezer espero, lana borondatezkoa da eta hala behar du izan. Zentzu horretan, jendea nahi duena egitera animatu nahi dut. Egiten den dena da eskertzekoa, eremu eta aspektu guztietan.

ETA desagertzeak eraginik izan dezake epaiketa honetan?
Herrira 2012an sortu zen, oso helburu zehatzarekin: preso eta iheslarien egoera konponbidean jartzea eta ekarpen bat egitea, konponbidea prozesu oso bat bezala ulertuta. Guk konbentzimendu osoz egiten genuen lan hori. Guztiz lan publikoa zen, eta herritarrekin egiten genuen lan: Herrira ez ginen epaiketan egongo garen 18 pertsona horiek bakarrik, ehunka herritarrek osatzen zuten.

Egiten genuen lan hori guztiz zilegi zela da garrantzitsua. Guretzat oso argi dago giza eskubideen aldeko lan bat egiten genuela, eta tamalez, gaur egun oraindik ere aspektu horretan lana geratzen da egiteko.

ETA egon ala ez, lan hau zilegi da. Lehenago bazen, eta orain ere bada. Zentzu horretan, ildo honetan eman diren epaiketa guztiak lekuz kanpo daude. Bereziki hau, Euskal Herrian herritarren sentimenduak aurrera begira kokatzen ari direlako: behin betiko gatazka bat ixtea, konponbide bat ematea, elkarbizitza bati bide ematea...

Aipatzen ari gara 47 lagun epaituko dituztela Auzitegi Nazionalean, baina 200 presotik gora daude oraindik, eta baldintza oso kaskarretan: osasun arazoekin, Euskal Herritik ehunka kilometrotara...

Aipatzen ari gara 47 lagun epaituko dituztela Auzitegi Nazionalean, baina 200 presotik gora daude oraindik, eta baldintza oso kaskarretan: osasun arazoekin, Euskal Herritik ehunka kilometrotara...

Auzia nazioartera eramateko asmoa duzue. Zertan ari zarete?
Herri mailako dinamikez gain, auzipetuok lan bat abiatu dugu epaiketa bera salatzeko eta babes ekonomikoa bilatzeko. Izan ere, epaiketa honek ere kostu handia du. Harreman dinamika bat abiatu dugu, bai Euskal Herrian eta baita nazioartean ere. Lehenbiziko pausoa izan da Euskal Herrian kontaktuak egiten hastea eta jende ezberdinarekin biltzea, eta orain, nazioartera zabalduko dugu dinamika hori, posizionamenduak biltzeko. Horren harira kokatzen dugu baita ere irailaren 14ko mobilizazioa [manifestazioa antolatu dute Bilbon, epaiketaren bezperatan].

Zumaian bezala, herriz herri, tokian tokiko dinamikak abiatu dituzte. Hori ere indarra hartzen joango da.

Epaiketan zer gertatuko dela uste duzu?
Hankak lurrean. Behin eta berriz errepikatzen ari naiz. Epaiketa ez litzateke egin beharko, eta eginez gero, absoluzioa litzateke sententzia justu bakarra. Hala ere, gauza bat da nik hala izan behar dela pentsatzea, eta beste bat izango dena.

Esan dezakedana da Madrilera oso argi goazela, gure lana oso zilegi dela esatera eta defendatzera.

Zer esango zenieke herritarrei?
Eskerrak eman nahi dizkiet modu batean edo bestean gure ondoan egoteagatik, babesa erakusteagatik. Jendea preso eta iheslarien alde lanean jarraitzera ere animatu nahi dut.