Queenen inguruko ikuskizunerako izen ematea zabalik dago

Baleike 2019ko uzt. 11a, 08:41

Queen musika taldearen inguruko ikuskizuna antolatu du Astindu dantza elkarteak, Dardara musika kolektiboarekin eta San Pedro Abesbatzarekin elkarlanean. Emanaldia abenduaren 14ean egingo da. Gau horretan ikuskizuneko partaide izan nahi duten dantzariek entseguetan izena emako aukera dute jada.

Freddie Mercury buru zuen taldearen musikak elkartuko ditu abenduan Astinduko dantzariak, Dardarako musikariak eta San Pedroko abeslariak. Ikuskizun horretan dantza egin nahi dutenek izena emateko aukera dute dagoeneko.

Horretarako astindu.zde@gmail.com edo kulturetxea@zumaia.eus helbidetara idatzi dezakete, edo Alondegira hurreratu 10:00-13:00 ordutegian. Astinduko bazkideentzat doan izango da; bazkide ez direnek, aldiz, 30 euro ordainduko dituzte. 

Entseguak irailaren 6an hasiko dira, eta Pavis Beirasek gidatuko ditu. Printzipioz Torreberrin ziren egitekoak, baina dagoeneko 40tik gora lagunek eman dute izena, eta entseguetarako leku aldaketa aztertzen ari dira. 

Probatu nahi dutenek irailaren 6an eta 13an entseguetara agertzeko aukera izango dute, konpromisorik gabe.