Ignacio Zuloaga, hurbilagotik

Baleike 2019ko uzt. 10a, 12:48
Zuloagaren erakusketa ikustera joandako Zumaiako taldea.

Ignacio Zuloaga pintorearen lana eta bizitza gertuagotik ezagutzeko aukera izan dute 45 zumaiarrek, Bilboko Arte Ederren Museoak antolatutako erakusketara egindako bisita gidatuan. Artearen historiako irakasle Ismael Manterola eta Zuloaga fundazioko Ignacio Suarez-Zuloaga eta Margarita Ruyra de Andrade izan dituzte gidari. 

105 urte bete dira zuloagatarrak Zumaiara iritsi zirenetik, baina pintorearen birbiloba Ignacio Suarez-Zuloagak, inork galdetu gabe, aitortu du "herritik urrunegi" egon direla aspaldian. Zumaiarrengana gerturatzeko gogo horren erakusle, agian, astelehenean Zumaiako Udalak eta Zuloaga Fundazioak elkarlanean Bilboko Arte Ederren Museora antolatutako bisita gidatua. "Erakusketan ia ehun obra bildu dituzte, mundu osoko museo eta bilduma pribatutakoak dira asko; bost urteko lana hartu die antolatzaileei", azaldu die Ignacio Suarez-Zuloagak Bilborantz doazen 45 zumaiarrei autobuseko mikrofonotik.

Erakusketara sartzeko hiru taldetan banatu dira bisitariak, eta Ismael Manterola arduratu da euskarazko bisitaz. Bi ordu eta erdiz adi-adi eduki ditu bisitariak, koadroei eta Zuloagaren bizitzari buruzko azalpen mamitsuekin. Ikasi dute, besteak beste, Zuloaga gazteak pinturaren ikuspegia irauli zuten modernistekin egin zuela topo Parisen (Degas, Gauguin, Manet...), eta haien estiloen eragin nabarmena ikusten dela bere lehen koadroetan; eta begi berri haiei esker deskubritu zuela Zuloagak klasikoetan (Zurbaran, Velazquez, El Greco...) bazegoela mamia, bazegoela maisu haien lanari interpretazio berri bat emateko aukera. Horrela, bisitari arretatsuak ohartu dira, estilo klasikoa eta modernoa, biak ageri direla Zuloagaren koadroetan: maisu klasikoen trebeziaz eta detaileaz erretratatzen ditu pertsonaiak, baina inguruko paisaiei ematen dien tratamendua erabat modernista da; El Greco eta Gaugin mihise berean.

Zuloagak 28 urtekin lortu zuen nazioarteko arrakasta, eta XX. mende hasierako pintorerik ezagunenetakoa izan zen. Enkarguzko erretratu asko egin zituen eta horrek eman zion aberasteko aukera, baina ez dira bere obrako lan aipagarrienak. Alde ederrekoak dira bere gogoz egindako erretratuak: Santiago Etxean biltzen zituen lagun intelektualenak (Ortega y Gasset, Marañon, Maeztu, Perez de Ayala...) edota garaiko gizarteko pertsonaia xumeenak (eskaleak, prostitutak, bigarren mailako toreroak...). Erakusketan daude, baita ere, Zumaiako lagun zituen Julio Beobide eta Narkis Balenziagari egindako erretratuak.

Zuloaga auzia

Bere obraren bilduma zabala bertatik bertara ikusteko aukera izateaz gain, Zuloagaren bizitzari buruz gehiago jakiteko aukera ere izan dute bisitariek. Ignacio Suarez-Zuloagak eman ditu Zuloagaren bizitzari buruzko zenbait argibide. Birbilobak azaldu duenez,  Zuloagak nazioartean arrakasta itzela izan zuen arren, Espainiako agintariek erabat baztertu zuten, Espainiaren irudi txarra eman zuelako bere koadroetan. Espainiak Amerikako Estatu Batuen kontrako gerra galdu zuen 1898, Kuba eta Puerto Rico koloniak galdu zituen, eta Zuloagaren koadroetan eskaleak eta jende txiroa agertzea ez zuten batere gogoko. "16 urte zituela itsu bat margotu zuen Arraten; eskaleak, prostitutak, zaharrak, konkordunak... Jende xumearen erretratu asko egin zituen, baina denak duintasunez aurkeztu zituen. Hala ere, agintariek ez zioten barkatu. Nahiago zuten Sorolla: burgesak, hondartzak eta argitasunez betetako irudiak margotzen zituen hark. Zuloagak, kontrakoa". 

Euskal Herrian ere izan omen zituen kritikak. "Euskaldun txarra izatea leporatu zioten batzuk", jarraitu du Suarez-Zuloagak, "ez zelako Euskal Herrian bizi [Parisen zuen etxea] eta ez zuelako euskal gairik pintatzen". Nonbait minduta, orduan erabaki omen zuen beti txapela jantzita ibiltzea.

Baina, dudarik gabe, Zuloagari gehien leporatzen zaiona da Espainiako Gerra Zibilaren ostean Francoren alde hartutako jarrera. "Francori egin zion erretratua hor dago, hori ezin da ukatu", hasi da azaltzen Suarez-Zuloaga; "Ez da nire gustuko kontua eta esan behar dut, nire iritziz, familiak ere ez duela beti behar bezala jokatu. Baina Zuloagari buruz ematen den ikuspegia ez da zuzena, oso partziala da". Birbilobak azaldu duenez, Ignacio Zuloaga ezkertiar errepublikazalea izan zen, baita Zumaiako Zirkulu Liberaleko kide ere (gaur Pulpo dagoen lekuan zeukaten egoitza). II. Errepublikako Gobernua ere saiatu zen ordura arte Zuloagak Espainiako agintariengandik pairatu zuen bazterketa nolabait konpontzen. Santiago Etxean biltzen zituen intelektualak eta han egiten ziren tertuliak ere aipatu ditu Suarez-Zuloagak.

Gerra Zibila lehertu zenean Parisen bizi zen Zuloaga. Santiago Etxean zeuzkan artelanak lapurtuko zizkioten beldurrez, lagun zuen Errepublikako ministro bati deitu eta etxea babesteko milizianoak jarri zizkioten. Hala ere, lasai ez eta Paristik Zumaiara etorri zen kotxez, Santiago Etxera. Zumaian zailtasunak izan zituen, batik bat Cosme Iraundegi alkate frankistarekin. Are gehiago, 1937ko maiatzean Iraundegik sinatutako zerrenda beltz batean agertu zenean, "gorritzat" hartuta.

Mehatxua gainean zuela, Zarauztik eskualdeko aginte militarra zuen Jose Maria Huarte komandanteak eskaini zion aterabidea. Huartek, nonbait, Zuloagaren obra miresten zuen eta hark erretratu bat egitea zen bere obsesioetako bat (Huarteri egindako bi erretratu daude erakusketan). Bere babesean hartu zuen Zuloaga. Besteak beste, Iraundegi alkatetzatik kendu zuen, bakean utz zezan. Huarteren bidez iritsi zen Zuloaga Francorena, eta bisita hartatik sortuko zen diktadoreari erretratua egiteko enkargua.

Gorritzat jotzetik frankismoaren magalean babestera egindako aldaketa azaldu dezakeen beste datu biografiko bat ere eman nahi izan du Suarez-Zuloagak: "Zuloaga Eibarrera joan zen gerrako frontea urrundu zenean. Eibar txikituta aurkitu zuen, eta bere jaiotetxea ere suntsituta ikusteak min handia egin zion. Sinetsi zuen hura errepublikazaleen lana izan zela (faxistek ere bonbardatu zuten Eibar), eta hark aldarazi zion jarrera".

Zuloagaren obrari eta bizitzako argi-ilunei buruz gehiago jakiteko aukera izango da laster, liburu bat ari baitira prestatzen Zuloaga fundazioan, besteak beste, bisita berezi honetako hiru gidarien parte-hartzearekin.