Gaztetxeak 11 urte: “Hilda zegoen etxe bati bizitza eman diogu”

Baleike 2019ko uzt. 10a, 10:42

2008ko uztailean gazte talde bat Erkibe etxean sartu zen. Hala sortu zuten Zumaiako lehen gaztetxea. Baleikeren 2008ko iraileko zenbakian gaztetxearen inguruko erreportaje zabala argitaratu genuen. Hemen irakurri dezakezue garai hartan egindako elkarrizketa. 

Etxebizitza eskubidearekin batera, gaztetxe baten premia izan da azken urteotan Zumaiako gazteen aldarrikapen nagusia. ‘Eman o hartu’ dio ikur bihurtu duten elastiko urdinak. Aurreko belaunaldiek ere gaztetxe batekin egin zuten amets, baina inoiz ez gaur egungo gazteek erakutsi duten grinarekin. Atzera bueltarik ez duen urratsa egin dute. Hitzetatik ekintzetara, emateko eskatzetik beren kabuz hartzera: uztailaren 9an, ehundik gora gaztek Erkibe etxea okupatu zuten bertan Gaztetxea sortzeko.

Irailak 1, astelehena. Koadrilen eguneko bizipoteoan erabilitako bizikleta batzuk lorategian daude oraindik. Katxi hutsak han-hemenka. Gaztetxea itxita. Gazte bat dago kanpoan, gerizpean, musika entzuten. “Laurak arte ez dute irekiko”, azaldu dio kazetariari. Gaztetxeko Asanbladako hiru ordezkariek, ordea, ez dute huts egin eta hitzordura agertu dira. Goizeko 11:00ak dira. Ate berria jarri diote Gaztetxeari, metalezkoa. “Gaurtik aurrera ordutegi batekin funtzionatuko dugu, ez da beti zabalik egongo”. Atea ireki eta barrura sartu orduko, koadrilen eguneko parrandak utzitako kiratsa sabeleraino sartu zaigu. Bestela, nahikoa garbi dago. Elkarrizketak iraun duen ordubetean zenbait gazte bildu dira atarian, garbiketa lanei ekiteko asmotan. Elkarrizketatuen izenak ez argitaratzeko konpromisoa hartu du kazetariak.

Udal Gobernu berriak behin baino gehiagotan esan du gaztetxearen premiaz jabetzen dela eta irtenbide bat emateko prest dagoela. Zergatik hartu zenuten okupazioaren bidea?
Udal Gobernu berria sartu zenean batzorde bat sortu zen herriko hainbat taldetako ordezkariekin bakoitzaren premiak aztertu eta Udalak eskura zituen lokal hutsak nola erabili erabakitzeko. Gazteoi interesgarria iruditu zitzaigun hor parte hartzea eta gaztetxearen gaia jartzea mahai gainean. Arazoa da bilera horiek oso noizean behin egin direla, eta, gaztetxearen gaia aipatu bai, baina beste gai batzuek izan dute lehentasuna. Guk ikusi genuen bilera horien dinamikarekin jarraituz gero herrian gaztetxearen alde sortutako giroa hozteko arriskua zegoela. Aspaldian hilda egon den gazte mugimendua berpiztu dela ikusita, pentsatu genuen olatu hori aprobetxatu behar zela eta gure bidetik jarraitzea erabaki genuen.

Udalak antolatutako bilera haietan gaztetxea jartzeko leku jakinik aipatu al zen inoiz?
Bilera haietan leku asko aipatzen ziren baina ez proposamen modura. Okupazioaren aurretik proposamen bakarra eduki genuen Udalaren partetik: Estazioko industrialdean dagoen pabilioi bat. Proposamen hori ZUGAn eztabaidatu zen eta erabaki zen gaztetxeak herrian egon behar duela herriarentzat delako, ez dela egoteko lokal bat. Guk dinamika bat sortzeko tresna bat nahi dugu. Ez genuen ikusten soluzio bezala eta hala jakinarazi genuen. Hori izan da proposamen formal bakarra. Gero kalean mila kontu entzuten dira.

Behin okupazioaren bidea aukeratuta, zergatik Erkibe etxea?
Bilera haietan komentatzen genuen gaztetxea herriaren erdian nahi genuela, herriarena izateko. Gure bidea jarraituko genuela erabaki genuenean bagenekien okupazio batean amaituko genuela. Orduan hasi ginen herriko etxe hutsak begiratzen, eta ikusi genuen hau [Erkibe etxea] perfektua zela. Gainera, Udala eta jabearen artean gatazka iturri izan da aspalditik eta presio egiteko ere leku perfektua zen. Eta ikusi genituen beste eraikinetan arazo gehiago izan genitzakeela inguruko bizilagunekin, Alde Zaharrean, esate baterako. Honek baldintza guztiak betetzen dituen. Eta gaztetxea lortzeaz gain, hamahiru urtez hutsik egon den eraikin bat herriarentzat berreskuratzea ere lortuko zela ikusten genuen. Etekin bikoitza.

Eraikin pribatu bat aukeratu beharrean, ez al zenuten pentsatu eraikin publiko bat okupatzea?
Bai, aztertu genuen eta ikusi genuen aurrera begira eraikin publikoak hor egongo zirela borrokari jarraipena emateko, baina eraikin honek betetzen zituela baldintza guztiak eta aurrera eramateko indarra bagenuela. Gainera, gure iritziz, eraikin honek herriarena behar du izan. Ezin du Zelaia familiarena izan eta hor usteltzen laga. Herriarena izatea funtsezkoa da guretzat. Gero, erabakitzen badute hemen haur eskola jarriko dela, ba, behintzat herriarena izango da eta ez familia baten txiringitoa.

Gaztetxea betirako bertan eraikitzeko helburuarekin okupatu al zenuten Erkibe etxea?
Gure lehen helburua hori izan da, bai; guk gaztetxea hemen nahi dugu. Orain, jakin badakigu egoera zein den eta laster hemendik botako gaituztela edo behintzat arrisku hori daukagula. Badakigu hemendik bost urtera ez garela hemen egongo. Baina gaztetxea beste leku batean egongo bada ere, eraikin hau behintzat izan dadila herriarentzat, desjabetzaren bidez edo dena delakoa. Udalari esaten diogu: hau ez da guretzat izango, bila dezagun gaztetxea jartzeko beste leku bat, baina desjabetzaren bidea martxan jarri. Presio hori egin nahi dugu.

Udalaren partetik zein izan da erantzuna?
Hasieran, etxea okupatu genuenean, esan ziguten horrek arazo bat eragin zezakeela herrian, jabego pribatua urratzen zelako, salaketak zeudelako tartean, eta bitartekari modura jokatuko zutela ahalik eta arazo gutxien egon zedin. Gerora beste proposamen bat jaso dugu: Torreberri. Baina ezer zehaztu gabe. Ez dakigu osorik izango den, zati bat, funtzionamendua nolakoa izango den… Hori guztia zehazteko dago. Abendurako bukatuta egongo dela esan digute. Baina gure kezka orain, eraikina baino gehiago, baldintzak dira. Hori guretzat izatea, autogestionatua, Udalak ez dezala eskumenik izan… Eraikin horren bila bagoaz, hori izango da gure borroka. Baldintzak negoziatu egin beharko dira.

Horren inguruan zerbait hitz egin al duzue Udalarekin?
Ez, orain oporren bueltan heldu beharko zaio gaiari. Dena den, gaztetxeko talde batek bilerak egin ditu Udalean ordezkaritza duten alderdiekin, haien iritzia jakiteko. Alde batetik, zer iruditzen zaien gaztetxe autogestionatu bat; bestetik, zer iruditzen zaien Torreberrin jartzea. EArekin, Ezker Abertzalearekin, EAJrekin eta Aralarrekin egin dira bilerak.

PSErekin?
Ez zuten nahi.

Eta bilera horietan zer erantzun jaso dituzue?
Lehenengo bilera hauek positiboak izan dira. Denek onartu dute gaztetxe bat behar dela; autogestionatua izango dela ere onartu da. Alderdi batzuek baldintzak jarri dituzte eraikina erabiltzeko orduan. Esate baterako, EAk esan zigun goiko solairua dantzarako nahi zutela. Orain bileren bigarren txanda bat egiteko asmoa dugu, esaten direnak idatziz jasotzeko.

Eta Udalarekin adostuko bazenute gaztetxea Torreberrin jartzea, Erkibe berehala hustuko al zenukete?
Hemendik gure kabuz irtengo bagara, Udalak eraikin hau herriarentzat eskuratuko duen konpromisoarekin izango da. Eraikinaren desjabetze prozesua ez da legalki hasi eta hori martxan jartzea eskatuko diogu Udalari. Gu irtengo gara, baina ikusi nahi dugu tramiteak hasi direla hau herriarentzat izan dadin.

Zelaia familiak esan zuen okupazioarekin amaituz gero bi salaketak kendu egingo lituzkeela. Kontuan hartuta Ertzainak 14 lagun identifikatuta dituela eta Torreberriren aukera nahikoa garbi dagoela, ez al duzue Erkibetik irteteko aukera aztertu?
Horrek ez gaitu kezkatzen. Hemen sartu ginenean bagenekien salaketak egongo zirela. Isun ekonomiko bat egongo da eta herriak erantzungo dio. Hemen sartzeko orduan mundu guztiak jakin beharko luke horrek ondorio legal batzuk izan ditzakeela, eta batzar guztietan azpimarratu dugun kontua izan da. Gure ustez isun horiek ordaindu behar izatea merezi du, hala pentsatzen genuen sartu aurretik eta orain are gehiago.

Udaleko teknikariek egindako txosten batek dio, besteak beste, eraikinak arazo larriak dituela egituran eta arriskutsua dela hemen jendea ibiltzea. Horren berri izango duzue…
Txostenaren berri badugu, bai. Guk neurriak hartu genituen txostena egin aurretik, sartu ginen unetik. Segurtasuna bermatzea izan zen lehenengo lana. Hemen ehunka gazte dabiltza. Sotoa apuntalatu egin zen eta ikusi genituen arazoak konpondu egin genituen. Txosten horrek arrazoia izango du zenbait kontutan, badakigu eraikina ez dagoela bere onenean, azken finean 13 urtez itxita egon da eta hiltzen joan da; egia da pitzadurak handitzen joan direla, baina normala da 13 urtez hutsik egon ondoren mugimendu txikienak eragin handia duelako; badakigu bi zutabe falta direla, gauzak falta direla… Jakingo bagenu gaztetxeak hemen jarraituko duela lan horiek guztiak egingo genituzkeen, baina ez ditugu milaka euro batzuk gastatuko bihar ertzainak etorri eta hemendik aterako bagaituzte. Sartu baino lehen bagenekien eraikinaren egoera zein zen. Aztertu egin zen zenbait jenderen laguntzarekin: igeltseroak, arkitektoak, argiketariak… Esan ziguten ez zela eroriko; sotoa zegoela gaizki eta pixka bat apuntalatu beharko zela. Guk erabat apuntalatu dugu. Bestela, ondo dago.

Beraz, ez da itsu-itsuan, beroaldian, egindako okupazioa.
Erabaki zenetik okupazioaren bideari helduko geniola eta uda honetan egingo zela, talde bat jarri zen lanean dena ondo antolatzeko. Jendeak agian pentsatuko du borra batekin sartu garela eta gero ohartu garela pitzadurak daudela edo argindarrarekin arazoak daudela. Dena aurreikusita zegoen, ondo prestatuta.

Erkibe okupatu zenutenetik gauero talde batek lo egin du bertan, irtenarazteko mehatxuari aurre egiteko. Irailarekin batera dinamika hori aldatu egin duzue. Ate berri bat jarri duzue eta arratsaldeko lauretatik gauerdira arte baino ez dago irekita Gaztetxea. Gauez ez da inor gelditzen.
Ia 60 egun egin ditugu egunero hemen lo egiten. Egia da orain Ertzaintzak errazago duela gu hemendik aterarazteko, baina ikusten dugu indar handiarekin defenditu dugula hau eta dinamika aldatzeko ordua ere bazela, orain arteko martxa oztopoa izan delako gaztetxearen izaera bera behar bezala garatzeko. Egunero-egunero jende mordoa ibili da hemen, jendea lotan… Ezin zen dinamika normal bat martxan jarri. Iritsi zen unea ezin zirela ekintzak ere antolatu, jende gehiegi zegoelako. “Horrela noiz arte?”, galdetu genion geure buruari, eta erabaki genuen aldatzeko garaia zela. Irtenarazteko arriskua handitu egingo da, baina agian gaztetxe bezala asko irabaziko dugu. Hemendik aurrera ez dugu funtzionatuko okupatutako gaztetxe bat bezala, gaztetxe normalizatu bat bezala baizik. Azken finean, gu hemen egonda ere ateraraziko gaituzte hala erabakitzen badute.

Zumaiar askok ez dute okupazioa begi onez ikusten, jabea duen eraikin pribatu bat aukeratu delako. Zer esango zeniekete?
Guk uste dugu ezin direla jarri etxe honen jabearen interesak herriaren interesen aurretik, kontuan hartuta, gainera, hamahiru urtez hutsik eta erabat utzita egon dela. Eraikin honek herriarena behar du izan. Beste eztabaida bat da gaztetxea izan behar duen, haur eskola edo osasun zentroa. Jabe hori herriarekin jolasten ari da, espekulatzen ahalik eta diru gehien lortzeko. Hori ezin da herriaren gainetik jarri. Gero, eztabaidagarria da okupazioa zilegi den edo ez; baina geunden egoeran eta eraikin hau zegoen egoeran, eskubide osoa dugula uste dugu. Gu ez gara sartu beste baten etxean; hilda zegoen etxe bati bizitza eman diogu. Etxeak jabeak ditu, baina etxea erabat utzita zegoen, eta bitartean gazteak kalean. Egin dugun guztia onerako izan da: etxea txukundu da, bizitza luzatu egin zaio. Guk ez dugu nahi gaztetxea hemen egoteko, parrandak egiteko edo kontzertu pare bat antolatzeko. Guk gaztetxea nahi dugu herriari gauzak eskaintzeko, ez gazteentzat bakarrik. Hemen sartu eta hirugarren egunean zaharren egoitzara joan ginen txokolatea eskaintzera. Herriarentzat izango da eta herriak erabiliko du. Jubilatuek gurutze puntuaren ikastaroa antolatu nahi dutela? Ba, aurrera. Batek bere bidaiaren argazki erakusketa egin nahi duela, oso ondo. Herriarentzako etxe bat izango da. Eta horrela ikusten ez duena etor dadila ikustera. Eta gero kritikatu.