Etxeko hondakin handiak horretarako jarritako egunetan ateratzeko eskatu du Udal Elkarteak

Urola Kostako Udal Elkartea 2019ko uzt. 8a, 10:52

Azken asteotan etxeko hondakin handi asko (altzariak, etxeko tresna elektrikoak, bestelako etxeko tresnak, koltxoiak…) agertu da Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian edukiontzien inguruetan, tokatzen ez den egunetan eta narras utzita. 

Egun bat dago jarrita hondakin horiek ateratzeko. Zumaiako kasuan, ostegunetan atera daitezke, 20:00etatik 22:00etara bitartean.

Hondakin handi gisa hartzen dira tresna eta altzariak, bestela esan, etxebizitza berritu edo aldatzearen ondorioz herritarrek baztertzen dituzten etxeko altzari eta ekipamenduak:
altzariak, etxeko tresna elektrikoak, handiak eta txikiak, informatika eta telekomunikazio ekipoak, kontsumorako aparailu elektronikoak, edota erabili ezin diren etxeko bestelako tresnak.

Debekatuta dago:

  • Maneiatzeko bitarteko mekanikoak (garabiak, poleak...) behar dituzten hondakinak edo bere horretan garraiatu ahal izatea ezinezko egiten duten hondakinak uztea.
  • Hondakin handiekin batera bestelako hondakinak uztea, bereziki eraikuntzako obra txikietako hondakinak, etxeko konponketa eta berritze lanetako hondakinak, pneumatikoak...
  • Hondakin handiak uztea Udal Elkarteko zerbitzu teknikoek horretarako ezartzen dituen egun eta ordutegitik kanpora.

Nahi izanez gero, hondakin handiak garbiguneetara eraman daitezke. Astelehenetik larunbatera zabalik daude.