Zuloaga

Ismael Manterola Ispizua 2019ko uzt. 7a, 12:00
Argazkia: Monika del Valle/Foku

Bilboko Arte Ederren Museoan Zuloagari eskainitako erakusketaren harira, artikulu bat argitaratu zen Argia aldizkarian, Ignacio Zuloaga, pintore ilustre gaitzesgarri bat izenburupean. Ez dut eztabaidatuko Zuloaga pertsonaia gaitzesgarria izan zen edo den, baina artikuluan aipatzen diren datuak testuinguruan jartzea gustatuko litzaidake, batez ere nire lana, arte historialari moduan, artea testuinguruan ulertaraztea delako.

Ez dakit Zuloagak inoiz alkandora urdina jantzi zuen, baina badakit gerra zibila bukatu baino lehen, 1937an Francoren aldekoek Zumaia menperatu ondoren zehatzago esateko, Francoren alde jarri zela, eta hortik aurrera Francoren Arte Ederren Zuzendaritzako propagandaren protagonistetako bat izan zela, 1945ean hil arte. Datu objektiboa izan arren, jarrera horiek testuinguru batean ulertu behar ditugula iruditzen zait. Lehenbiziko datua: Zuloaga errepublikanoa zen gerra piztu zenean. Horrek egoera zailean utzi zuen Francoren tropak Zumaiara hurbiltzen ari ziren heinean. Horregatik, Francoren aldeko militarren buru zen Jose Maria Huartek Zarautzen eskualdeko aginte kuartela ezarri zuenean eta Zumaiako udal frankista berriari herriko errepublikaren aldekoen zerrenda eskatu zionean, Zuloaga eta bere suhiaren izenak bertan azaltzen ziren. Huarte horrekin konforme ez zegoenez, Zuloagaren pinturaren zale zelako, ahaleginak egin zituen Zuloagaren eta suhiaren gerra aurreko aukera politikoak estaltzeko. Ordurako, pintorearekin harremanetan jarrita zegoen erretratu bat eskatzeko —Bilboko erakusketan ikus dezakeguna—, eta, Zuloagaren Zumaiako etxera iritsi bezain laster, pintorea Burgosera eraman zuen. Bertan egiaztatu zen Zuloagaren bando aldaketa. Seguru asko, gerran bizi izandakoak, semearen militantzia falangistak eta, eskuineko intelektual errepublikano askorekin gertatu zen bezala, autoritatearen aldeko jarrerak —bizirik irauteko senarekin batera— jaka aldatzera bultzatu zuten.

Hemen irakurri daiteke iritzi artikuloa.