Zumaia, Getaria, Zestoa eta Aizarnazabalgo alkateen gutuna Osakidetzari

Urola Kostako Hitza 2019ko uzt. 6a, 11:26

Gutuna Uemak ere sinatu du, eta salatu dutenez, "euskaraz ez dakien pertsona bat kontratatu du Osakidetzak, lau herri horietako osasun etxeetan sortzen diren beharrak betetzeko". Kontratua urtebeterako da, baina luzatzeko aukerarekin. Erakunde publikoari eskatu diote mediku elebiduna berma dezala, "erabiltzaileen hizkuntza eskubideak errespetatzeko".

Urola Kostako lau alkatek gutuna bidali diote Osakidetzari, horrek euskaraz ez dakien mediku bat kontratatu duelako lau herri horietako osasun etxeetan lan egiteko. Sinatzaileak Iñaki Ostolaza (Zumaia), Haritz Alberdi (Getaria), Mikel Arregi (Zestoa) eta Mari Karmen Arregi (Aizarnazabal) alkateak dira. Josu Labaka Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakariak ere sinatu du gutuna.

Eskaera zehatza egin diote Osakidetzari: mediku elebiduna jar dezala, “erabiltzaileen hizkuntza eskubideak errespetatzeko”. Gogorarazi dute udalerri horietan herritarren %80a baino gehiago euskalduna dela, eta “benetan larria” iritzi diote hizkuntz baldintzarik ezarri ez izana lanpostu horri. Aipatutako profesional hori urtebeterako kontratatu du Osakidetzak, lau osasun etxeetan sortzen diren beharrak betetzeko, eta kontratua luzatzeko aukera dago.

Irakurri osorik gutuna:

Urola Kostako lau alkatek Osakidetzara bidalitako gutuna