Maialen Calleja: “Arkitekto batek sentsibilitate puntua izan behar du eraikin erakargarri eta polita egiteko”

Baleike 2019ko uzt. 7a, 08:00

Maialen Callejak txikitatik izan du arkitekturarekiko pasioa. Umea zela eraikitzeko jostailuak zituen gustuko; Legoa eta Mekanoa, esaterako. Gauzak horrela, Arkitektura ikasketak hasi zituen Iruñean. 2012an Londresera joan zen, eta ordutik han bizi izan da, urte hasieran Shanghaira joan den arte. Printzipioz, urtebeterako kontratua du han gauzatuko duen proiektu batean lan egiteko.

Unibertsitatera joatea erabaki zenuenean ez zenuen zalantzarik izan Arkitektura ikasi nahi zenuela, ezta?

Nik uste 14 urtetatik nekiela Arkitektura ikasi nahi nuela; beraz, ez nuen zalantzarik izan. Gurasoek ere hala esaten didate, oso garbi nuela eta nabarmena zela zer nahi nuen ikasi. Nire iritziz, artearen eta ingeniaritzaren arteko oreka perfektua da arkitektura. Alde batetik, zientifikoa da matematika eta fisikarekin oso lotuta dagoelako; baina, beste alde batetik, guztiz artistikoa da. Azkenean, arkitekto batek sentsibilitate puntua izan behar du eraikin erakargarri eta polita egiteko.

2012an, Iruñean ikasketak egiten ari zinela, Londresera joatea erabaki zenuen. Zergatik?

Betidanik gustatu izan zait bidaiatzea, eta ingelesa ongi ikasteko aprobetxatu nuen. Gurasoei esker aukera asko izan dut bidaiatzeko eta ingelesa ikasteko. Londresen, hizkuntza maila hobetzeko urtebete lanean ibili nintzen, eta ondoren ikasten jarraitu nuen Westminsterreko Unibertsitatean. 

Ingalaterrako unibertsitateak garatuago daude arkitektura munduan?

Sistema ezberdina dute. Espainian ikasketak oso teknikoak dira, eta liburu eta azterketen bitartez irakasten dute, gehienbat. Ingalaterran, berriz, hasieratik lan munduarekin lotzen zaituzte, eta unibertsitatean diseinua bultzatzen dute. Hiru hilean behin crit izeneko aurkezpenak egiten genituen jendaurrean. Inguruko enpresa handi eta txikietako arkitektoak etortzen ziren eta iritzia ematen zuten. Azkenean, networking moduko egitasmo bat bihurtzen zen. Gainera, ni espezializatu naizen arloa, diseinu parametrikoa, pila bat bultzatzen dute Londresen. Espanian, ordea, nik dakidanez, oraindik ez da guztiz zabaldu.

Mamou-mani izeneko estudioan hasi zinen lanean...

Ikasketen bigarren urtean hasi nintzen, 2014an. Hasiera hartan estudioko sortzailea eta biok ginen langile bakarrak. Gaur egun, 10 pertsona ditu estudioak.

Baliagarria izan zait enpresaren sorreratik egotea. Azkenean, diseinatzeaz gain, enpresa bat eramaten ikasi dut: kontratuak egiten, bezeroekin harremanak sendotzen, diseinu taldeak eramaten...

Estudioa diseinu parametrikoan dago espezializatuta.

Bai, eta gaur egun, arkitektura munduan, ateak zabaltzen ari den diseinu modalitatea da. Parametric design edo computational design izena du diseinatzeko modu horrek. Betiko autocad erabili eta marra bakoitza ia eskuz bezala marraztu ordez, sistema bat eraikitzen da. Grasshopper izeneko software baten bitartez, diseinatzeko kodeak programatzen ditut, hasierako parametro batzuekin eta emaitza geometriko batekin.

Behin sistema programatuta, eta edozein momentutan, hasierako balioak aldatzen baditut, nire amaierako geometria guztia eguneratu egiten da; horrela, denbora aurrezten dut. Gainera, hasierako parametro horiek datu baseak ere jar ditzake. Laburbilduz, eraikin bat diseinatzeko infinitu parametro sar ditzaket; horrela, diseinatzen ari naizen eraikina optimizatu egiten dut; eta, aldi berean, analisi estrukturalak ere integratzen ditut.

Optimizazio sistema horiek programatuz, ordenagailuak milioika diseinu proba ditzake segundotan eta jarri dituzun helburuen arabera, erantzun egokiena aukera dezakezu. Hori guztia pentsaezina zen duela urte batzuk, eta inteligentzia artifiziala erabiliz ordenagailuak laguntzen dit aukera egokiena hautatzen.

Nolako lanak egiten dituzue?

Gure proiektu gehienak diseinu garapenarekin batera doaz, eta azkeneko teknologia erabiltzen dugu. Proiektu konbentzionalagoak ere egiten ditugu, Westminsterreko Unibertsitatearen campus berria eta Londresen etxe baten eraberritzea, adibidez; baina beti jartzen diogu ezberdintasun puntu bat.

Normalean, esan daiteke gure proiektuak nahikoa zoroak eta ezberdinak direla. Esate baterako, diseinatu dudan azken proiektua Milango Salone De Mobile ekitaldian estruktura bat izan da: COS arropa markarentzat 3Dn inprimatutako instalazio bat. Horrekin batera, Burning Man festibalean hiru proiektu eraman ditugu, egurrezko torreak eraikitzen dituen robot bat diseinatu dugu Londreseko Arup ingeniaritza enpresan jartzeko, Parisen bi eraikin eraberritu ditugu eta Saudi Arabian ere zenbait proposamenetan aritu gara.

Horietako garrantzitsuenak agian Burning Man festibalerako egindako proiektuak izan dira, ezta?

Mamou-Mani enpresako proiektu handiena eta nazioartean entzutetsuena Galaxia izan da. Burning Man festibalak urtero leihaketa irekitzen du Gabonetan. Edonork proposa dezake bere diseinua, eta, gero, festibaleko arduradunek erabakitzen dute zein proiekturi eman dirua. Hala ere, Galaxia diseinatu baino lehen, bi proiektu txikiago eraiki genituen festibalerako, eta Tangential dreams izenekoak arrakasta handia izan zuen. Hori dela eta, iazko udaran Templea diseinatzea eskaini ziguten; festibalaren eraikin garrantzitsuena da eta Galaxia proiektua aurkeztu genuen horretarako.

Zer da Burning Man festibala?

1986tik urtero Estatu Batuetan egiten den musika eta arte festibala da. Astebeterako 70.000 lagunek hiri bat eraikitzen dute Nevadako Black Rock basamortuan. Hiria komunitate bihurtzen da eta ez da dirurik erabiltzen. Jendeak denetik eramaten du eta dena konpartitzen da. Festibalak 10 printzipio ditu eta joaten den guztiak horiei jarraitu behar die. Gainera, hainbat pertsona ospetsu joaten dira festibalera.

Bertan bi eraikin nagusi daude: The man eta Temple. Lehenengoa larunbatean erretzen da, eta festibaleko festarik ikaragarriena egiten da. Igandean, berriz, bigarrena erretzen da. Horren esanahia da nolabait, bizitzan gertatutako ezbeharrak alde batera utzi eta aurrera jarraitzea. Hasiera berria irudikatzen du. Hala, astean zehar, bertaratutako pertsonek gauza baliotsuak uzten dituzte bertan eta igandean suaren inguruan biltzen dira. Ekintza oso espirituala eta hunkigarria da.

Iaz, gure diseinua zenez, estudioko jabeak eta biok eman genion su 20 metro altu eta 40 metroko diametroa zeukan estrukturari. Nire bizitzako esperientzia garrantzitsuenetako bat izan zen, hor konturatu nintzen han zeuden pertsonentzat zenbateko balioa zuen eraikinak.

Nolakoa izaten da Galaxia bezalako eraikin bat egiteko lan prozesua?

Orduak sartzea izan da sekretua, baita lantaldearen konpromisoa ere. Gauza pila bat hartu behar da kontuan horrelako egitura diseinatu behar denean. Hasteko, basamortuaren erdian eraikitzen da, eta ez konstruktore enpresa batekin, boluntarioekin baizik. Gainera, hiru astetan eraikitzen den proiektu bat da.

Diseinatzeaz gain, eraikina muntatzeko lanetan ere ibili zara.

Hain zuzen, festibalaren ezaugarri bereizgarriena da proiektuak boluntarioekin egitea. Iazko edizioan 140 pertsona ibili ziren lan horietan egunean hamar bat ordu sartzen. Oso arraroa da arkitekto bat taladroa hartu eta torniloak sartzen ikustea, baina niri ikaragarri gustatzen zait, eta, gainera, asko ikasten da. Batzuetan, ordenagailuan diseinatzen dena ez da erraza eraikitzen, baina zure eskuekin egin behar duzunean asko ikasten duzu.

Basamortuan eraikitzeak kontuan hartu beharreko parametroak ditu?

Alde txarrena hondar ekaitzak dira. 110 km/h haizeak jasan behar dituzte eraikin horiek, baita denboraleak ere. Beraz, asko pentsatu behar da lurrari nola ongi lotu. Gainera, han egoten diren pertsona askok eskalatu egiten dute eraikina, beraz hori ere kontuan hartu behar da.

Tangential dreams eraikinarekin sariren bat ere eskuratu duzue, ezta?

Bai, Architizer A+ Awards saria eman ziguten. Arkitektura munduan oso sari garrantzitsua bihurtu da. Ohore handia izan zen guretzat irabaztea.

Grasshopper izeneko ikasketak ere egin dituzu. Zer da?

Programatzeko eta geometria oso konplexuak sortzeko software bat da. Arkitektura lanaz gain, Simply Rhino enpresarentzat ere lan egiten nuen Londresen. Gainera, Grashopper eta Rhinoceros softwarearen klaseak ematen ditut ikasleentzat, baita diseinu enpresentzat ere.

Badirudi gaur egungo arkitektura eraikin ikusgarriak egitera zuzenduta dagoela. Hori funtzionala da ala zer bilatzen da?

Nire ustez, arkitektura teknologiarekin batera aldatuz doa. Duela 100 urte ezin zituzten gaur egungo formak ez marraztu, ezta eraiki ere. Orain denetarik dago, eta asko optimizazio teknologia onenak erabilita diseinatuta daude.

Eraikinek ingurumenean izaten duten inpaktua ere garrantzitsua da gaur egun, baita eraikitzeko erabiltzen diren materialak ere. Horretan arreta jartzen duzu?

Bai, noski. Gaur egun arkitekturan dagoen gai garrantzitsuenetarikoa da, eta asko hartzen dugu kontuan. Milanerako prestatu dugun instalazioan, adibidez, 3Dn inprimatzen ari gara eta horretarako erabiltzen dugun materiala PLA izeneko plastiko organikoa da: artoarekin egindako materiala da, guztiz naturala.

Shanghaira joan zara urte hasieran. Zer proiektu dituzu han?

Printzipioz, urtebeterako etorri naiz UNStudio izeneko enpresa batean lan egiteko. Betidanik jarraitu izan dudan enpresa bat da; beraz, oso pozik nago hemen. Azkeneko teknologia erabiltzen dute diseinatzeko, eta eskala handian egiten dute lan. Berriki irabazi dute Australiako eraikin altuena izango den proiektua eraikitzeko lehiaketa.

Atzerrian bizitzeak zer aukera eman dizkizu? Kanpoan bizitzetik zer gustatzen zaizu gehien?

Jende ezberdin asko ezagutzea asko gustatzen zait, eta beste kultura batzuetako pertsonekin bizi behar duzunean asko ikasten duzu. Londresen, esaterako, futbolean aritzen nintzen taldean 15 herrialdetako jokalariak geunden.

Kanpora joateak, gainera, ausartago egiten zaituela uste dut. Azkenean erosotasunetik ateratzen zara.

Urte asko dira Zumaiatik kanpo.

Londresen nengoenean hiru hilean behin joaten nintzen Zumaiara, baina orain Txinatik zail xamar izango dut. Familia eta lagunak asko estimatzen ditut, baita Itzurun ere.