Fredi Pelaez Trio taldeak kontzertua emango du ostiralean Itziarren

Itziarko Auzo Udala 2019ko uzt. 4a, 09:16

Aurrera darrai Itziarko Auzo Udalak sustatutako udaberri-udako kultur programak. Honela, ostiral honetan jazz doinuek jantziko dute gaua Burugorri Ostatuan, ‘Fredi Pelaez Trio’ taldearen eskutik.

Hiruko hau ezaguna da jazz joerako areto eta jaialdietan. Fredi Pelaez buru duelarik, Hard Bop, Groove, zein Jazz Funk giroko biadaia zirraragarria proposatzen digute. Eragin anitzeko jazz-paisaia dakarte, taldea osatzen duten kideen moldakortasun apartaren erakusgarri. Frediren Hammond organoa oinarri, bateriak eta gitarrak lagunduta, estilo ezberdinetako konposizioak garatzen dituzte, beti ere inprobisazioa eta musikarien arteko komunikazioa bilatuta.

Ezaguna da Fredi Pelaezen jazzarekiko eta Hammond organoarekiko pasioa. Hainbat taldeetan jo izan du aurrez, Organiks, Dynamic trio, Carlos Bernal Trio, eta CIF Proyect, besteak beste. Musikari bezala hainbat artista eta taldeekin grabatu du: Sorkun, Marea, Ruper Ordorika, Baxter, Fontso, Korrontzi, Pello Ramirez, Kupela etab.

Mikel Romero aritujko da baterian, zeina estilo desberdinetako beste hainbat taldetan ere aritua baita, hala nola Urgabe, Korrontzi eta Vagos. Hilario Rodeiro gitarrajoleak berriz, Heineken Jazzaldian parte hartu duten hainbat bandatan jo du, RS Faktor eta Citric-en, adibidez, eta Gonzalo Tejada, Iñaki Salvador, Mikel Andueza eta euskal jazzeko beste izar askorekin lan egin du baterian.

Honen bitartez udako kultur egitarau jarraia eskaini eta herrian musika giro anitza bultzatzea litzateke helburua. Kontzertua gaueko 23:00etan hasiko da, eta doakoa da.