Kostako errepidea itxiko dute asteburuan Zarautzerako norabidean Elkanoren inguruko ekitaldiengatik

Baleike 2019ko uzt. 3a, 10:57

Elkanok mundu bira hasi zuela bosgarren mendeurrenaren harira, ekitaldi sorta antolatu dute Getarian. Horien artean, Juan Sebastian Elcano ontzia egongo da asteburuan Getariako portuan. Ekitaldi hauek eragina izango dute N-634 errepideko trafikoan. 

Asteburu honetan Getariara milaka lagun hurreratuko direla aurreikusten dute antolatzaileek. Ekitaldi hauek izango dute eragina kostako errepidetik igaroko den trafikoan.

Zumaiako Udaltzaingotik adierazi digutenez, larunbatean 14:00-22:00 ordutegian, eta igandean 10:00-23:00 ordutegian, N-634 errepidea itxita egongo da Zumaiatik Zarautzerako norabidean auto pribatuentzako. Zumaiatik Zarautzera autoz joateko asmoa dutenek Meagako errepidea edo AP-8 autobidea hartu beharko dute. Getariara joateko autobus bereziak jarriko dituzte antolatzaileek. Bestalde, errepidea zabalik izango da autobusentzat eta larrialdi zerbitzuentzat. 

Aldiz, Zarauztik Zumaiarako norabidea zabalik egongo da bi egunetan.