Emakumezkoen trainerua bigarren izan da Baionan eta gizonezkoena zortzigarren

Baleike 2019ko eka. 30a, 10:09

Baiona Hiriko traineru estropada jokatu zen atzo arratsaldean Iparraldeko hirian. Emakumezkoen ETE ligako eta gizonezkoen KAE 1 ligako ontziak aritu ziren lehian Aturri ibaian.

Emakumezkoen Telmo Deun ontziak beste estropada bikain bat egin zuen eta bigarren izan zen orain arteko lau estropadak irabazi dituen Hibaikaren atzetik. Errenteriakoek bi segundo besterik ez zizkien atera zumaiarrei. Atzetik Tolosaldea eta Kaiku sailkatu ziren. 

ETE ligako lau estropada jokatuta, Hibaika dago sailkapen orokorreko buruan, 44 punturekin. Zumaia bigarren da, 39rekin, eta Tolosaldea hirugarren, 34 punturekin. Hurrengo estropada uztailaren 14an izango dute, Portugaleten. 

Gizonezko ontziari dagokionez, Zumaia zortzigarren izan zen KAE 1eko estropadan, Deustok irabazitako banderan. Sailkapen orokorrean bederatzigarren postuan dago Zumaia, 17 punturekin. Zortzigarren dagoen Camargok 25 puntu ditu, eta atzetik Santoña dago, hamargarren postuan, 13 punturekin. 

Mutilek Plentzian izango dute hurrengo hitzordua, uztailaren 6an.