Zumai txaranga omendu du San Pedro danborradak

Baleike 2019ko eka. 29a, 11:41

San Pedro jaietako danborradaren doinuekin igo zuten atzo arratsaldean Zumaiako Udaleko bandera udaletxeko balkoian. Zumai txarangako Antonio Azpillagak eta Juan Jose Goikoetxeak izan zuten ohore hori. 

Danborradak, urtero, Zumaiako herria ezagutzera eman duten pertsonak edo taldeak omentzen ditu. Aurten Zumai txarangak jaso du omenaldia. Ibilbide hasieran txapela eta lepo zapia jarri zieten Goikoetxeari eta Azpillagari. Behin udaletxera helduta, beraiek igo zuten herriko bandera. 

Idatzi bat irakurri zuten txarangako kideek.

"Ezeren aurretik gure eskerrik beroena Zumaiako herriari gaur gu omendu izanaz gain, urte hauetan Zumai txarangaren parte ere izan zaretelako. Zuen salto, irri eta oihuek biziberritu egiten gaituzte.

Meritua ez da gaur hemen gaudenona bakarrik, ordea. Ibilbide honetan pertsona ezberdin askok osatu du Zumai txaranga. Horregatik, gogora ekarri nahi ditugu gure artetik joan direnak, haiek ere gaurko omenaldiaren parte baitira.

Belaunaldi ezberdinak elkartu gara taldean, aitona, aitak, seme-alabak, ilusio berarekin. Itsaso zaharrak olatu berriak dakartza, eta Zumai txarangak ere horretan darrai, garenak etorkizunean izaten jarrai dezan. 

Gora San Pedro ta gora Zumaia!".

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.