Egoitzetako langileek Udalaren atxikimendua eta babesa eskatu dute

Baleike 2019ko eka. 25a, 15:25

Beraien 71. greba egunean, Getaria eta Zumaia arteko Zaintza martxa egin dute gaur egoitzetako langileek. Gipuzkoa osotik gerturatutako langileek egin dute martxa hau oinez. Amaieran, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatearekin bildu dira.

Eguraldia lagun zutela, Getaria eta Zumaia arteko sei kilometroak egoitzetako langileen aldarrikapen gune bihurtu dira, ELA sindikatuak antolatutako martxa honi esker. Soinean zeramaten more koloreko kamisetekin jantzi dira errepide ertzak. Behin Zumaiara helduta, udaletxera heldu dira, eta han Iñaki Ostolaza alkateak eta EH Bilduko Arritxu Iribar, Alex Oliden, Marina Bidasoro eta Asier Arakistain zinegotziak izan dituzte zain.

Langileen ordezkaritza batek eta ELA sindikatuko kideek beraien aldarrikapenen berri eman dizkiete udal ordezkariei. Alkateak hala galdetuta, zerbitzu minimoak %80koak direla eman du jakitera.

Gaurkoa 71. greba eguna dela gogoratu dute langileek. Sektorearentzat hitzarmen berri bat lortzeko mugimenduak egon badaudela informatu dute, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera ere salatu dute. “ELA sindikatuaren eta patronalaren gehiengoaren artean akordioa badago, baina Aldundiak ez du babesik ematen. Gurea zerbitzu publiko bat denez, ez dugu ulertzen Aldundiak babesik ez ematea”, adierazi du Janire Diaz ELA sindikatuko kideak. Eusko Jaurlaritzak deitutako bilera batera Aldundia joan ez izana ere salatu dute gaurko bileran.

Egoitzetako langileek beraien soldatak 2016tik izoztuta dituztela ere informatu die. “Soldatez aparte, lan kargak arintzea eta ratioak hobetzea eskatzen dugu. Hau guztia, laburbilduz, gure aiton-amonen onerako izango litzateke”, adierazi du Diazek.  

Aldarrikapenen berri eman ondoren, Zumaiako Udalaren atxikimendua eta babesa eskatu dute egoitzetako langileek. Egiteko askorik ez dutela onartu die Ostolazak, baina datozen lau urtetan “lan baldintzen inguruan lan egingo” dutela azpimarratu die.