"Ordezkaritza handiena izanik, ulertzen dugu guri dagokigula UKUEren gidaritza hartzea"

Argazkia: EH Bildu

Urola Kostako bost herrietako EH Bilduko alkate eta bozeramaileek agerraldia egin dute gaur Zarautzen dagoen Urola Kostako Udal Elkartean. Alderdi hori da Urola Kostako Udal Elkartean ordezkari gehien lortu dituen taldea; hain zuzen, 34. Horregatik, elkartearen "gidaritza" beraiei dagokiela azpimarratu dute. Datozen asteetan gainontzeko alderdi politikoekin bilduko direla ere iragarri dute.

Hasteko, eskerrak eman dizkiete pasa den udal hauteskundeetan EH Bildurengan konfiantza jarri zuten herritar guztiei. “Emaitza paregabeak izan ditu EH Bilduk Urola Kostan. Alkatetza bat izatetik, hiru alkatetza izatera pasa gara Orion, Getarian eta Zumaian, eta beste bi herritan ere, Aian eta Zarautzen, gora egin du nabarmen bozka kopuruak eta bi herrietan zinegotzi bana gehiago izango dugu agintaldi honetan”, adierazi du Iñaki Ostolazak.

Herrietako udalbatzak osatuta, Udal Elkartea eratzeko txanda iritsiko da laster. Kasu horretan, EH Bildu da ordezkaritza handiena izango duena datozen lau urteetan (EH Bilduk, 34; EAJk, 33; PSEk, 4; Podemosek, 1; eta Orain Oriok, 1). “Hori horrela izanik, ulertzen dugu guri dagokigula UKUEren gidaritza hartzea eta, horregatik, datozen asteetan alderdi ezberdinekin elkarrizketa erronda bat zabalduko dugu”, esan du Ostolazak.

Azken agintaldian eginiko lanak gogora ekarri dute gaurko agerraldian. “Batez ere lan egin dugu gazte eta emakumeen lan baldintzak hobetzeko, birziklatze tasak ahalik eta gehien igotzeko, euskararen erabilera areagotu eta gure eskualdearen erakargarritasun turistiko bilakatzeko edo gizarte zerbitzuak herritar guztiei erantzuna ematen saiatzeko”.

Datozen lau urteei begira, berriz, hainbat proiektu dituzte eskuartean. “Enpleguaren duintzean eta egonkortzean sakontzen jarraitu nahi dugu, euskararen arloan, berriz, UKUEren eta UEMAren arteko hitzarmena indartu, baita turismoan arreta ipini ere". Amaitzeko, gizarte arloko hainbat zerbitzuri eskualde mailan erantzun behar diela uste dute. "Adinekoen eguneko arreta zerbitzua, bazterkeria egoeran dauden pertsonei eguneko eta gaueko arreta zerbitzua...”, gaineratu dute.