Arrakastatsua izan da ‘Zamak’ film laburraren estreinaldia

Baleike 2019ko eka. 19a, 14:37

Txori Txiki Musika eta Dantza eskolako antzerki tailerreko ikasleek Zamak film laburra estreinatu zuten atzo arratsaldean Alondegian. Bertaratu zen jende kopura zela eta, hiru aldiz eman zuten filma.

Txori Txiki Musika eta Dantza eskolako antzerki tailerraren ikasturte amaierako lan moduan film laburra egin dute ikasleek.  Inazio Tolosa eta Esti Curiel irakasleek 13-16 urte bitarteko zazpi gazte izan dituzte tailerrean. “Urtero, ikasturte amaieran, antzerki edo emanaldiren bat prestatzen dugu, baina aurten, film labur bat egitea pentsatu genuen”, kontatu du Curielek.

Filmaren ideia eta gidoia ikasleek sortu dute. “Azaroa alderako hasi ziren ideiarekin bueltaka, eta pixkanaka gidoia idazten”, jarraitu du Tolosak. “Historia, pertsonaiak… dena beraiek sortu dute. Irakasleok aholkuak eman dizkiegu bakarrik”, esan dute.

Tolosarekin historia osatu ondoren, Curielerekin landu dute produkzioa eta grabaketa. “Mikel Castellano izan da filma grabatu eta editatu duena, eta protagonistak zazpi ikasleak izateaz gain, Luisa Mari Aristondoren eta Goizeder Iturainen parte hartzea izan dugu”.

Inplikazioa

Film laburrean gizartean puri purian dauden dramak jorratzen dira: besteak beste, anorexia, suizidioa, alkoholismoa… “Zazpi pertsonaia dira eta zazpi sekretu dituzte”, azaldu dute.

Irakasleek ikasleek izan duten inplikazioa, ilusioa eta gogoa azpimarratu izan nahi dute, baita Castellanok ere. “Grabaketa batek dakarren atzeko lana ikusi dute ikasleek. Ez dute soilik aktore lana egin, gidoia prestatzeaz gain, produkzio lanak eta abar ere egin dituzte. Gogotsu egin dute lana, nahiz eta, ohi bezala, grabaketa batek ordu asko eskatu dituen”.

Atzo arratsaldean egin zuten estreinaldia Oxforden eta arrakasta itzela izan zuten. Alondegiaren kanpoan jende ilera handia izan zen, eta ondorioz, hiru emanaldi egin ziren. Publikoaren aldetik txalo zaparrada handia jaso zuten aktore gazteek, eta datorren urtera begira, irakasleei gogoratu zien beste film laburren bat egiteko prest daudela. “Esperientzia oso ona izan da”, nabarmendu zuten.