Alaitz Aizpurua eta Jon Imaz: "Alardeak zoragarriak izaten ziren; bestela, ez ginelako herritik askotan irteten"

Baleike 2019ko eka. 17a, 11:37

Umetan hasi ziren Beti Gazte dantza taldean Alaitz eta Jon, eta taldearen azken urteetan irakasle ibili ziren. Maiatza Dantzan egitasmoaren barruan, Beti Gazte eguna ospatuko dute hilaren 18an.

Noiz hasi zineten dantzan?

Alaitz: Sei urterekin, Ikastolan hasi eta urte hartan izena eman nuen. Banekien dantza egin nahi nuela eta urtebete zaharragoa den ahizparekin batera joaten nintzen.

Jon: Mutilak 8-9 urterekin hasten ginen, eta nire kasuan, kuadrillan apuntatu ginen.

Mutilak eta neskak bananduta entseiatzen zenuten. Zergatik?

Jon: Orduan oso sakratua zen hori.

Alaitz: Mutilen eta nesken dantzak zeuden. Emanaldiren bat bagenuen, egiten genuen pare bat entsegu batera; bestela, ez.

Jon: Horietara txistulariak ere etortzen ziren; bestela, irakasleak berak abesten zituen doinuak.

Zer dantza ikasten ziren?

Alaitz: Aurrena, fandangoa ikasten genuen; gero, arin-arina; ondoren, arrantzale, aurreskua, makil txiki, uztai dantza, zinta dantza, sagar dantza eta zozo dantza.

Jon: Gure kasuan, txotxongilo edo txankarrengoa, banakoa, aurreskua, ezpata dantza... Mutilek, adibidez, sekula ez genuen ikasten fandangoa eta arin-arina. Zumaian ez zegoen ohitura mutilek horiek dantzatzeko.

Zer arropa erabiltzen zenuten?

Jon: Mutilek Bizkaiko arropa deitzen zena erabiltzen genuen: zuriz eta gerriko gorria eta txapela. Urte batean, Gipuzkoako arropa egingo zela esan eta tela erosi genuen. Etxeetan banatu eta bakoitzak egiten zuen. Txaleko gorria, alkandora zuria, galtza beltzak, harizko galtzerdiak, txapel beltza, koloretako gerrikoa eta abarkak izan zen traje berria.

Alaitz: Gu hilanderaz eta arrantzalez janzten ginen. Arropa asko herentziaz jasotzen genuen, batik bat, gonak.

Alardeetara joateko ohitura zegoen. Nora?

Alaitz: Herri askotara joaten ginen: Ondarroa, Mutriku, Bergara, Arrasate, Legazpi, Zumarraga, Oñati, Azpeitia, Azkoitia…

Jon: Normalean, gainera, alardea antolatzen zuen herriak autobusa jartzen zien gonbidatutako herriei. Zumaiara zortzi herri baino gehiago etortzen ziren.

Nola gogoratzen dituzue alarde haiek?

Alaitz: Niretzat zoragarriak izaten ziren; bestela, ez ginelako herritik askotan irteten. Goizetan kalejira egiten genuen, eta hamaiketakoa ere ematen ziguten. Talde bakoitza herriko txoko batera bidaltzen zuten eta arratsaldean denok elkartzen ginen.

Jon: Bazkaltzera, berriz, alardea egiten zen herriko dantza taldeko norbaiten etxera joaten ginen. Ederki pasatzen genuen. Maiatzean hasi eta iraila arte ospatzen ziren alardeak, normalean, herriko festetan. Zumaian sanpedroetako igandean egiten genuen.

Geroago, gaztetxo zinetela, belaunaldi berriei erakusten hasi zineten.

Alaitz: Dantzari izatetik erakusten hastera hasi ginen jarraian. Zerbait naturala izan zen. Ongi pasatzen nuen, baina, egia esan, dantza egitea nahiago nuen.

Jon: Urte dezente dantzan ari zen pertsonek hartzen zuten erakusteko ardura. Nik, adibidez, anaiari erakutsi nion eta Alaitzek ahizpa gazteagoari.

1999an amaitu zen Beti Gazte.

Alaitz: Itzaltzen joan zen kontua. Mutilak gero eta gutxiago ziren, alardeetara joateko ezin osatu ibiltzen ginen… Nik, adibidez, ikasketak zirela eta, astea Zumaiatik kanpo pasatzen nuen.

Jon: 1998ko denboraldia bukatu genuen eta berria hasterakoan ikusi genuen ezinean ibiliko ginela. Beraz, 1999an erabaki genuen amaitzea.

Zer egin zenuten materialarekin?

Jon: Arropa batzuk gurasoen etxean jaso genituen. Beti Gazteko bandera ere guk jaso genuen, eta gero Inaxiori eman genion. Bera izan zen sortzaileetako bat.

Alaitz: Taldea amaitu zenean, Herri Eskolako guraso elkarteak euskal dantzak erakusteko talde bat sortu zuen eta material batzuk bertan ibili ziren. Jonek talde horretan ere jarraitu zuen erakusten.

Alardeez eta ohiko ekitaldiez gain, ezkontzetan, esaterako, dantza egiten zenuten.

Jon: Niri askotan tokatu zait dantza egitea: lagunen eta familiakoen ezkontzetan, baita ezezagunenetan ere. Dantza taldearentzat diru iturria zen. Inaugurazioetan ere parte hartu izan genuen: Zumaian Gernikako arbola landatu zenean, adibidez.