Erakusketa batekin hasiko dira Baleikeren 25. urteurreneko ekitaldiak

Baleike 2019ko eka. 13a, 12:38

Baleike, 25 urte erakusketa ostiraletik ekainaren 23ra bitartean egongo da zabalik Oxford aretoan. Ekainaren 22an Joseba Irazoki eta Lagunaken kontzertua izango da.

Arranplako garabitik pertsona bat buruz behera zintzilik. Hura izan zen Zumaiako Baleike herri aldizkariaren lehen zenbakiaren azala. 1994ko ekaina zen. 25 urte igaro dira ordutik eta urteurrena prestatzeko lanean ari da Baleike kultur elkartea.

Zumaiako Gazte Batzordearen eskutik atera zen Baleike aldizkaria 1994. urte hartan. "Herria hankaz gora jarri nahi zuen gazte kuadrilla lotsagabea ginen duela 25 urte. Zumaian gertatzen zenari buruzko informazioa euskaraz eta gazteon ikuspegitik emateko beharra sentitu eta halaxe erabaki genuen Baleike aldizkaria sortzea. Ez genuen baliabiderik, ez jakintza handirik, baina abiatu ginen 1994ko ekainean, bi aldiz pentsatu gabe", dute gogoan sortzaileek.

25 urte hauetan Baleike etengabe aldatu da. Laster hartu zuen herri komunikabide izateko ardura "eta bilakaera begi bistakoa da, bere gorabehera guztiekin. Duela 15 urte webgunea sortu genuenean ere ezin genuen imajinatu zumaiarrentzat ezinbesteko tresna bihurtuko zenik egunerokoan".

Mende laurdeneko historia du jada Zumaiako herri hedabideak, ospatzeko moduko urteurrena. 25 urte hauetan izan dira urteurren eta ospakizun gehiago. Lehena, aldizkaria sortu eta urtebete eskasera. "Ordutik Txouak izan dira (1 eta 2), dokumental faltsuak, halako generorik zegoenik ere ez genekienean, edota orain bost urte, 20. urteurrenean, antolatu genuen kultur ekitaldiz betetako kalejira".

Aurtengo urteurreneko ospakizunak xumeagoak dira. Hasteko, ostiral honetan Baleike, 25 urte erakusketa zabalduko dute Alondegiko Oxford aretoan. Argazkiak eta formatu berritzaileak uztartzen ditu erakusketa honek. "Erakusketa hau ez da azken 25 urteen errepaso historikoa; erakusketan agertuko diren hamabi lagunak ez dira 25 urte hauetako pertsonaia inportanteenak. Ez da hori gure helburua. Hamabi hauek aukeratu ditugu, baina izan zitezkeen beste hainbat. Aldizkarian protagonista izan zireneko garaia gogoratzeko eskatu diegu, Baleikeberaientzat zer den azaltzeko". Erakusketa ekainaren 14tik 23ra bitartean izango da zabalik, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Asteburuetan ere zabalik izango da eguerdietan, 12:30etik 14:00etara.

Musikak hartuko du lekukoa datorren larunbatean. Batetik, 22:00etan hasita, Joseba Irazoki eta Lagunaken kontzertua izango da, printzipioz, Kofradian. Baldintzek laguntzen ez badute Oxford aretoan izango da Jarraian, Maitxen DJ saioa izango da.

Baleikeko bazkideek ere urteurreneko oparia jaso dute. Jesusa Gipuzkoakoa eta Joan-etorria gerraurreko Zumaiara liburu bikoitza, eta Imanol Sesma zumaiarrak diseinatutako telazko poltsa bana jaso dituzte aldizkariarekin batera.