Ane Zabaleta: “Lorpena da bildu den jende kopurua biltzea klima aldaketari buruz, eta euskaraz, hitz egiteko”

Argazkia: UEU365 bloga.

Pirinioetako eremu geografikoan klima-aldaketak izan dezakeen eraginari zein ondorioei buruzko eztabaida jendartera zabaltzeko helburuarekin, 'Klima aldaketa: Euskal Herritik Pirinioetaino leihoak zabalduz' jardunaldia izan zen atzo. Hona hemen Ane Zabaleta antolatzaileari unibertsitatea.net atariko UEU365 blogean gaiari buruz egindako elkarrizketa.

Jardunaldi honen helburua foro bat izatea da. Ez bakarrik ikertzaileentzat, eragile guztientzako foroa izatea nahi izan duzue.
Bai, irekitzea foro bat edo plaza bat edo leku bat ikerketaren mundutik, administrazioaren mundutik, dibulgazioaren mundutik… datozen eragile ezberdinek klima aldaketaren inguruan hitz egin ahal izateko; ikuspuntu desberdinetatik. Bide hori irekitzea eta eztabaida sortzea. Eztabaida, debate hori ez da bukatzen. Eztabaidak jarraitu egin behar du eta horretarako foro hau edo beste batzuk sortu beharko dira edo aukera hori eman beharko da. Hau izan da gure ekarpena. Bi proiektu gaude hor Pirinioetan lanean klima aldaketaren testuinguruan, kontu desberdinetan; eta nahi izan dugu elkartu eta klima aldaketari buruz hitz egin; euskaraz hitz egin, zientziari eta kudeaketari buruz ere euskaraz egin daitekeelako. Gainera saiatu gara, lehen mahai inguruan atera den moduan, Euskal Herriko eremu desberdinetako jendea egon dadin. Nahiz eta ez den beti erreza, ahalegin hori egin dugu.

Klima aldaketaren Pirinioetako Behatokiaren barruan dauden hainbat proiektu aurkeztu dira gaur. Besteak beste, zuk aurkeztu duzun Piragua proiektua. Ur-baliabideen garrantzia azpimarratu nahi izan duzu zuk.
Klima aldatuko da, ekosistemek sufrituko dute, baina ura dugu behar beharrezkoa bizitzeko. Urarekin gertatzen zaigun gauza bat da beti ura “sobera” izan dugula edo hala sentitzen dugula; eta orduan inoiz ez dugu pentsatzen klima aldaketak ur kantitatea nahikoa jaitsiko duenik eta arazoak sortuko direnik. Ur eskasia handirik, lehorte handirik sortuko den? Agian ez. Agian ur emarien murrizketa horrek bai ekar dezake sektore desberdinen beharrizanei batera ezin erantzun izatea. Eta, beraz, hor tentsioak sortzea. Jakin behar dugu zer den datorrena, nola egokitu gaitezkeen edo zer bide ditugun egokitzeko. Eta guk proiektuan planteatzen ditugun gauzak lurraldetik bertatik planteatutakoak dira. Hau da, gure lurraldearen kudeaketa bera izan daiteke “tresna” eragin horiek arintzeko edo buelta emateko egoerari. Beste hainbat lekutan ikusi dugu emariak beherantz egingo dutela, batez ere uda eta udazken partean, eta gainera badakigu landaretza mota batzuk ur gehien garai horretan kontsumitzen dutela. Orduan lurraldearen erabilerak egin dezakeena da edo bizkortu klima aldaketaren eragina edo arindu. Eta behar duguna da lekuko ezagutza, jakiteko zein den bidea gure inguru honetan.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko, jo unibertsitatea.net atarira.