Arritokietako artelanen berritze lanak, amaituta

Baleike 2019ko eka. 11a, 16:20
Rakel Nacenta koadroari azken ukituak ematen. (Argazkia: Juan Luis Romatet)

Azken bizpahiru urteotan Arritokietako ermitan gordetzen diren lau artelan zaharberritu dituzte. Horietatik azkena, Borjako San Frantziskoren erretratua, atzo itzuli zuten bere ohiko lekura.

Zumaiako Arritokieta ermitak bere barrenean gordetzen dituen lau artelan zaharberritu dituzte azken urteotan. Hauetatik azkena, Borjako San Frantziskoren margoa, atzo arratsaldean zintzilikatu zuten ermitako ezker horman. Hala, amaitutzat eman dituzte Arritokietako artelanen berritze lanak.

Borjako San Frantziskoren koadroa 1889. urtean margotu zuen Jose J. Etxanizek eta urte hauetan guztietan Arritokietako horman izan da zintzilik, Lecuonak 1874an margotu zuen Loiolako San Inazioren aurrez aurre. Bi erretratu hauek, Arritokietako Ama Birjinaren irudia, eta aldarearen aldamenean dagoen Santa Barbararen eta Santa Katalinaren diptikoa, laurak, zaharberritu dituzte azken bizpahiru urteotan Rakel Nacenta eta Idoia Idigoras zumaiarrek.

2016ko udazkenean jaso zueen bikoteak lau lan hauek berriztatzeko enkargoa. "Bakoitzak gure lan eta ardura propioak ere izan ditugu azken urte hauetan, eta patxaraz baina gogotik egin dugu lan", azaldu digu Nacentak. Arte Ederren museoko teknikari baten laguntza ere izan dutela adierazi du Nacentak, "gehienbat diptikoarekin lanean ari ginenean, kontutan hartu behar da eta 400 urtetik gora dituela artelan horrek".

Lanak beraien lekuetatik jaitsi zituzten 2016ko azaroan eta Durangora eraman zituzten xylofagoen (pipiaren) aurkako tratamendua jasotzera. Durangotik bueltan, Arritokietako sakristian egin dituzte berritze lanak. "Erabat berritu arte ez ditugu lan hauek beraien lekuetara bueltatu". Denbora honetan umezurtz izan dira Arritokietara igo diren fededunak eta erromesak.

Lehenbizi, kaltetuena zegoelako, diptikoarekin hasi ziren lanean. Baina, jakinda Ama Birjinaren Koroatze egunerako irudiak bere lekuan egon behar zuela, harekin hasi ziren lanean buru-belarri. 2017ko maiatzerako bere lekuan zen bueltan. Horren ondoren Santa Barbararen eta Santa Katalinaren diptikoarekin segi zuten lanean, Loiolako San Inazioaren koadroarekin jarraitu zuten, eta Borjako San Frantziskoren erretratua utzi dute amaierarako.

Artelan hauek aurrez ere zaharberritu zituzten. Eskutan duten dokumentazioaren arabera, 1975an Kantabriako Santillana del Mar herrira eraman zituzten berritzera. Urteen poderioz, baina, berriro ere tailerretik pasa behar izan dute.

Markoek oihalek beraiek baino lan handiagoa eman dietela nabarmendu du Nacentak. "Koadroko zati batzuk egoera oso txarrean zeuden, eta beste batzuk kortxoaren tankera hartzen ari ziren. Kontuz aritu behar izan dugu, puzzle baten antzerako egitura baitute". Egur hori kontsolidatzea izan da lan hauen helburua. Oihalean bertan ere egin dituzte berritze lanak, margo zati txikiak altxata zituelako.

Arritokietako irudien eta margoen zaharberritze lanak amaituta, parrokiko artelan bat berritzea dute orain miran. Baina hori beste historia bat da.