Helene Alberdik laugarren egin du aurtengo Zarauzko Triatloian

Baleike 2019ko eka. 9a, 17:00
Helene Alberdi atzo helmugara iristean. (Dorleta Agiriano Lai)

Atzo jokatu zuten 33. Zarauzko Triatloia, eta emakumezkoen kategorian, laugarren postua eskuratu zuen Helene Alberdik. Bigarren egin zuen iaz, baina aurtengoan, marka pertsonala hobetzea lortu du triatletak.

Atzo, larunbata, izan zen 33. Zarauzko Triatloia. 15:00etan hasi zen proba, Getariako Malkorbe hondartzan. Parte hartzaileek Zarauzko hondartzaraino egin zuten igeri, 2,9 kilometro, hain zuzen. Gero 81 kilometroko ibilbidea osatu zuten bizikletaz, eta jarraian, 20 kilometro egin zituzten lasterka.

Emakumezkoen kategorian, Judith Colachan nagusitu zen (4:22:10), iazko txapelduna. Emma Bilganek lortu zuen bigarren postua (4:24:10), eta Anna Noguerak, aldiz, hirugarrena (4:25:42).

Helene Alberdik laugarren egin zuen. Iaz podiumean sartzea lortu zuen Zumaiako bizilagunak, proba azkarren amaitu zuen bigarrena izan baitzen, emakumezkoen kategorian. Dena den, iazkoa baino denbora hobea egin du aurten: 4:44:11 lehengo urteko Zarauzko Triatloian, eta 4:39:20 aurtengoan. Hala, marka pertsonala hobetzea lortu du triatletak.