Zarauzko Triatloiak aldaketak eragingo ditu trafikoan

Baleike 2019ko eka. 8a, 11:10
Gaur arratsaldean izango da 33. Zarauzko Triatloia.

Gaur jokatuko dute Zarauzko Triatloia, 15:00etan hasita. Horren harira, hainbat errepide eta kale itxiko dituzte, eta aldaketak izango dira autobus zerbitzuan zein trafikoan.

Gaur, larunbata, 33. Zarauzko Triatloia jokatuko dute, Bakarra da izenpean. 15:00etan hasiko da proba, Getariako Malkorbe hondartzan, eta hainbat errepide eta kale itxita egongo dira, parte hartzaileek triatloiaren ibilbidea osatu bitartean. Hala, aldaketak izango dira trafikoan zein autobus zerbitzuan.

Zarautz, Meagas, Aizarnazabal eta Oikia artean, itxi egingo dute GI-2633 errepidea, 15:30etik 18:00ak arte. Zumaia eta Zarautz arteko kostako errepidea, N-634, 16:00etatik 18:30ak arte egongo da itxita; Zarauzko noranzkoan. Zarautz eta Orio artean ere itxiko dute bidea, Orioko noranzkoan, 17:00etatik 18:45 arte. A-8ra bideratuko dute trafikoa.

Aldaketak autobus zerbitzuan

Larunbatean, UK09, UK10 eta UK11 lineatako autobusek ez dituzte ohiko ibilbideak egingo, Lurraldebusek jakinarazi duenez. Beraz, 15:30etik aurrerako autobus zerbitzuan aldaketak izango dira, 18:00ak arte, gutxi gorabehera.

UK09 linean (N-634), Zumaiatik Donostiarako ibilbidean, Zumaiatik 15:30ean, 16:30ean eta 17:30ean irteten diren autobusek ez dute ohiko bidea egingo. Horren ordez, ordezko ibilbidea osatuko dute AP-8tik Zarautzeraino, AP-8 autobidetik. Suhiltzaileen biribilgunean egingo dute geldialdia, eta hortik abiatuko dira Donostiara.

16:00etan Donostiatik Zumaiara irtengo den autobusa ere suhiltzaileen biribilgunean geldituko da, ohiko guneetan egin ordez. Gero, AP-8tik jarraituko du bidea, Zumaiaraino. Donostiatik 17:00etan aterako den autobusak, aldiz, hiru geldialdi egingo ditu Zarautzen; suhiltzaileen biribilgunean, kiroldegiko biribilgunean eta Photomuseumeko biribilgunean.

UK10 lineari dagokionez, Zumaiatik Donostiarako ibilbidean, Zumaiatik 15:55ean eta 16:55ean irtengo diren autobusek ere ez dute betiko bidea egingo. AP-8 autobidetik joango dira Zarautzera, suhiltzaileen biribilgunera, eta handik aterako dira Donostia aldera, ohiko ibilbidea osatuz.

16:55ean Donostiatik Zumaiara aterako den autobusa suhiltzaileen biribilgunean soilik geratuko da, eta gero, autopistatik joango da Zumaiara. Donostiatik 17:55ean irteten den autobusa hiru gunetan geldituko da; suhiltzaileen biribilgunean, kiroldegiko biribilgunean eta Photomuseumeko biribilgunean.

UK11 linean ere aldaketak izango dira. 17:15ean Zumaiatik abiatzen den autobusa ez da Oriotik igaroko. Zarautzen, suhiltzaileen biribilgunean egingo du geldialdia, eta autopistan sartuko da jarraian.

Getaria eta Zumaia arteko anezkei ere eragingo die triatloiak. Izan ere, Getariatik Zarautzera edota Donostiara mugitu nahi duten herritarrek Zumaiara bertaratu beharko dute. Bertan, beste autobus bat hartu beharko dute, Zarautzera edo Donostiara iristeko. 15:15ean, 15:45ean, 16:15ean, 16:45ean, 17:15ean, 17:45ean eta 18:15ean izango dira anezkak.