103 lagunek eman dute izena Kantauri plazako hiru etxebizitza tasatuen zozketan

Baleike 2019ko eka. 8a, 11:00

Orain 10 egun naturaleko epea izango da erreklamazioak aurkezteko. Behin epe hori amaituta, zerrenda behin betiko onartu eta zozketa epea zehaztuko da.

Joan den otsailean onartu zituen Zumaiako udalbatzak Kantauri Plazako 4. zenbakian hiru etxebizitza tasatuen zozketa egiteko oinarriak, eta, hain zuzen, zumaiarrek maiatzaren 8tik 22ra bitartean izan zuten zozketan izena emateko epea.

Denbora horretan 103 lagunek eman dute izena, eta, orain, epea amaituta, behin-behineko zerrenda argitaratu du Udalak.

Erreklamazioak egiteko epea zabalik egongo da 10 egun naturalez eta behin hori amaituta, zerrenda behin betiko onartu eta zozketa epea iragarriko du Udalak. Horri lotuta, bi zozketa egitea aurreikusi da. Lehena, familia ugariei zuzendua izango da; hiru etxebizitzetatik batek azalera handiagoa duelako. Bigarren zozketa, aldiz, guztiei irekia izango da, hau da, familia ugariei eta edozein bizikidetza unitateei.

Onartuen zerrenda ikusteko hemen.