Kalean da Baleikeren ekaineko aldizkaria

Baleike 2019ko eka. 7a, 17:07

Ekaineko aldizkaria berezia da, izan ere, Baleikeren 25. urteurrena ospatzen dugu. Horregatik, bazkide zaretenok telazko poltsa eta Gerraurreko Zumaia liburuaren ale bana jasoko dituzue.

Dagoeneko kalean da ekaineko ale berezia. Berezia, zergatik? Baleikeren 25. urteurrena gogoratzen dugulako bertan. 1994eko ekainean jaio zen aldizkaria, eta 25 urte ondoren, paperaz gain, webgunea ere martxan daukagu. Aldizkaria berezia da, bai, baina hilabete hau berezia izango da guztiontzat. Izan ere, mende laurdena ongi ospatzeko hainbat ekintza prestatu ditugu. Informazio guztia aldizkarian izango duzue, eta adi egon, laster hasiko dira eta ekitaldiak!

Bestelakoan, aldizkariak ohiko atalak ditu. Elkarrizketa nagusia gaur egun Txinan bizi den Maialen Calleja arkitektuari egin diogu, eta hilabete honetako erretratuko protagonista, berriz, Jesus Mari Elustondo da. Aski ezaguna den gizona, izan ere, erdigunean dagoen gasolindegi bakarraren arduraduna da. Kolaboratzaileen tartean, osasuna eta heziketako gaiak izango dira ohi den moduan, baita zientzia eta ingurumenekoak ere. Amaitzeko, Imanol Azkuek idazten duen Orduan bai ataleko protagonista Mari Axun Albizu izango da.

Urteurren berezi honetan ezin genituen ahaztu urte horietan guztietan gure alboan izan diren bazkideak, horregatik, aldizkariarekin batera Imanol Sesmak diseinatutako telazko poltsaren eta Gerraurreko Zumaia liburu bikoitzaren ale bana jasoko dituzte etxean.

Dagoeneko banaketa lanekin hasita gaude, beraz, batzuek jasota izango dituzue etxean. Gainerakook lasai egon, laster izango dituzue eta esku artean.