Unibertsitatean ikasketak hasiko dituzten emakumeentzako 1.000 euroko bi beka emango ditu Azpeitiko Sarralle enpresak

Baleike 2019ko eka. 7a, 11:53

SARRALLE GROW deritzon urte anitzeko beka- programaren I. edizioa abian jarri dute Sarrallen, gizonen eta emakumeen arteko arrakala teknologikoa geldiarazten laguntzeko eta zuzendaritza eta erantzukizun postuetan emakumeen presentzia sendotzeko.

Azpeitiko enpresatik jakinarazi dutenez, "jabetzen gara emakumeen jarduerak gizonezkoena baino txikiagoa izaten jarraitzen duela. Askotariko faktoreak ditugu horren oinarrian, hala nola faktore kulturalak nahiz sozialak, bai eta gaur egungo lan- merkatuaren idiosinkrasia bera ere. Botereari dagokionez ere, emakumeek, era berean, botere gutxiago dute. Merkatu berrietan eta normalean gizonezkoenak direla esaten den lanetan gero eta presenteago badaude ere, emakumeen kopurua murriztu egiten da kategoria profesionalak gora egiten duen heinean, eta ia desagertu egiten da zuzendaritza- eta erantzukizun-karguetan".

Horregatik, Sarralletik errealitate hori aldatzen lagundu nahi dute, eta, horretarako, hurrengo kurtsoan edozein unibertsitatean gradu bikoitzeko ikasketak hasten dituzten emakumeei 1.000€ kurtsoko ordaintzeko konpromesua hartu dute. Gainera, ingeniaritza- esparruan eta korporazioko departamentuetan ordaindutako praktikak egiteko aukera izango dute uda partean, baita gradu amaierako proiektua egiteko ere, beren ikasketak garatu nahi dituzten taldeko dibisioan.

Interesa dutenek ekainaren 30era arte aurkeztu ahal izango dute eskaera, eta irailaren 9ra arteko epea izango dute agiriak entregatzeko. Aukeratutakoen izena 2019ko irailaren 11n jakinaraziko da.

Bekei dagokien informazio guztia www.sarralle.com orriko Careers zatian dago, eta interesa dutenek bertatik izen ematea egin ahal izango dute, eskatzen diren dokumentuak atxikitu ere.