Euskadiko selekzioarekin jokatuko du bihar Ander Torrikok Zarautzen

Baleike 2019ko eka. 7a, 09:51
Argazkia: Amaia Urbieta Arruti/Urola Kostako Hitza.

Euskadiko selekzioaren eta Akitaniako selekzioaren arteko partida izango da bihar Aritzbatalden, 19:30etatik aurrera. Zarautz Kirol Elkartearen 75. urteurrenaren harira antolatu dute norgehiagoka.

Zarautz Kirol Elkartearen 75. urteurreneko ospakizunen barnean, Euskadiko selekzioaren eta Akitaniako selekzioaren arteko partida jokatuko dute bihar Aritzbatalde kiroldegian, 19:30ean. Eskualdeko hainbat jokalarik hartuko dute parte Euskadiko selekzioko elastikoarekin; tartean izango da Ander Torriko zumaiarra.

Guztira, 17 jokalariko zerrenda osatu dute Euskal Eskubaloi Federazioko arduradunek, eta Hugo Sanchez teknikariak Zarautzen atzo egindako agerraldian azaldu zuenez, “zaila” izan da zerrenda osatzea, denboraldi bukaeran jokalari askok konpromiso desberdinak izan ohi dituztelako. Hala ere, zerrenda “ederra” eta talde “lehiakorra” osatu dutela azaldu zuen. Elkarteko bazkide direnek doan izango dute sarrera, eta bazkide ez direnentzat, bost euroko kostua izango du.