Zarauzko Triatloiak aldaketak eragingo ditu autobus zerbitzuan eta hondakin bilketan

Baleike 2019ko eka. 7a, 13:44
Argazkia: Urola Kostako Hitza.

Urola Kostako Udal Elkarteak azaldu duenez, merkataritzari, ostalaritzari eta zerbitzuen sektoreari zuzendutako hondakin bilketa zerbitzua ez da ohiko ordutegian egongo. Lurraldebusek ere aldaketak izango ditu bere zerbitzuetan.

Larunbatean jokatuko da 33. Zarauzko Triatloia, 15:00etan hasita. Horren harira, aldaketak izango dira autobus zerbitzuan zein hondakin bilketan. 

Autobus zerbitzuari dagokionez, UK09, UK10 eta UK11 lineatako autobusek ez dituzte ohiko ibilbideak egingo. Beraz, 15:30etik aurrerako autobus zerbitzuan aldaketak izango dira, 18:00ak arte, gutxi gorabehera.

UK09 linean (N-634), Zumaiatik Donostiarako ibilbidean, Zumaiatik 15:30ean, 16:30ean eta 17:30ean irteten diren autobusek ez dute ohiko bidea egingo. Horren ordez, ordezko ibilbidea osatuko dute AP-8tik Zarautzeraino, AP-8 autobidetik. Suhiltzaileen biribilgunean egingo dute geldialdia, eta hortik abiatuko dira Donostiara.

16:00etan Donostiatik Zumaiara irtengo den autobusa ere suhiltzaileen biribilgunean geldituko da, ohiko guneetan egin ordez. Gero, AP-8tik jarraituko du bidea, Zumaiaraino. Donostiatik 17:00etan aterako den autobusak, aldiz, hiru geldialdi egingo ditu Zarautzen; suhiltzaileen biribilgunean, kiroldegiko biribilgunean eta Photomuseumeko biribilgunean.

UK10 lineari dagokionez, Zumaiatik Donostiarako ibilbidean, Zumaiatik 15:55ean eta 16:55ean irtengo diren autobusek ere ez dute betiko bidea egingo. AP-8 autobidetik joango dira Zarautzera, suhiltzaileen biribilgunera, eta handik aterako dira Donostia aldera, ohiko ibilbidea osatuz.

16:55ean Donostiatik Zumaiara aterako den autobusa suhiltzaileen biribilgunean soilik geratuko da, eta gero, autopistatik joango da Zumaiara. Donostiatik 17:55ean irteten den autobusa hiru gunetan geldituko da; suhiltzaileen biribilgunean, kiroldegiko biribilgunean eta Photomuseumeko biribilgunean.

UK11 linean ere aldaketak izango dira. 17:15ean Zumaiatik abiatzen den autobusa ez da Oriotik igaroko. Zarautzen, suhiltzaileen biribilgunean egingo du geldialdia, eta autopistan sartuko da jarraian.

Getaria eta Zumaia arteko zerbitzuari ere eragingo die triatloiak, hori dela eta, joan-etorriko zerbitzua eskainiko da bi herrien artean. Hori bai, Getariatik Zarautzera edota Donostiara mugitu nahi duten herritarrek Zumaiara joan beharko dute. Bertan, beste autobus bat hartu beharko dute, Zarautzera edo Donostiara iristeko. Getariatik Zumaira 15:15ean, 15:45ean, 16:15ean, 16:45ean, 17:15ean, 17:45ean eta 18:15ean izango dira autobus horiek; jarraian, Zumaiatik Getariara joango dira.

Hondakin bilketa
Kirol probak ere eragina izango du hondakin bilketan. Hala, Urola Kostako Udal Elkarteak azaldu duenez, merkataritzari, ostalaritzari eta zerbitzuen sektoreari zuzendutako hondakin bilketa zerbitzua ez da ohiko ordutegian izango. Zarautzen eta Getarian 09:30etik aurrera jasoko dituzte hondakinak; Zumaian, 10:30etik aurrera; eta Orion, 12:30etik aurrera.

Trafikoan ere aldaketak
Aurreko astean eman genuen trafiko aldaketen berri, baina oraingoan informazio osagarriagoa dugu. Horrela, Zumaiatik kirol portura eta Getariara doan bidea itxita egongo da 15:30-18:30 bitartean. Era berean, Zarautzera joateko, arratsaldeko 16:00-18:30 bitartean, N-634 errepidea itxita egongo da Getaria eta Zarautz artean; Zarautzera joateko autobidea gomendatzen dute.

Zarauztik Zumaiara iristeko, berriz, 15:00-17:00 bitartean, N-634 errepidea zabalik egongo da. Ondoren bi etenaldi egingo dira:

-       17:00-18:30 bitartean, Zarautzen eta Zarauztik Getariara bitartean N-634 errepidea itxita egongo da, beraz, Getaria edota Zumaiara joan nahi dutenek autopistaz egin beharko dute bidea. Horretarako, triatloiaren antolatzaileek txartelak banatuko dituzte Zarautzen, autopistara heldu aurretik dagoen biribilgunean, hain zuzen ere, eta txartel hori erabiliz, zerbitzua doakoa izango da.

-       18:30-19:45: Zarautzen N-634 errepidea itxita egongo denez, autoak Araba eta Bizkaia kaleetatik barrena bideratuko dira (Zarauzko atzealdetik) eta bertatik hartu ahal izango dute N-634 errepidea Zumaiarantz.

Amaitzeko, Oikiatik Zumaiara joateko, aldiz, 15:30-18:30 bitartean, Artadi eta Ibaiñarrietatik joan beharko dute ibilgailuek.