Etenik gabeko berrikuntza

Zukan hirukoteak kaleratu berri duen 'Soinuzko begiradak' diskoaren harira, Andoni Imaz kazetariak erreportajea landu du Berrian. 

Ezohiko konbinazio batetik sortu zen Zukan hirukotea: txistua, akordeoia eta perkusioa. Jon Ansorena, Maria Zubimendi eta Gorka Catediano dira musikariak, hurrenez hurren. Donostiako Musikene goi mailako musika ikastegian egin zuten topo: Ansorenak eta Catedianok elkarrekin jotzen zuten, eta Zubimendi taldera elkartu zen gero. Hirukotean hasi orduko, arazo batekin egin zuten topo: ez zegoen errepertoriorik haien formaziorako.

"Hiruron artean duoak sortuta hasi ginen, eta orduan zegoen trio pieza bakarra jotzen", kontatu du Zubimendik. Lehenengo esperientziarekin "oso gustura" sentitu ziren, eta ikusi zuten elkarrekin jotzen jarraitzeko gogoa zutela. Orduan hasi zen Zukanen errepertorioa osatzeko abentura: zenbait konpositoreri eskatu zieten kantuak sor zitzatela haien hirukoterako.

Lan prozesua luzea izan da Zubimendirentzat: "Konpositore batek denbora asko behar du obrak idazteko, eta guk aldaketak egin nahi izaten ditugu gero". Hamalau pieza dituzte egun, eta beste batzuk bidean daude. Soinuzko begiradak lehen diskoan, ordea, sei sartu dituzte: hirukotearentzat propio idatzitako lau, eta duorako idatzitako bi.

Erreportajea osorik irakurtzeko, jo Berria.eus-era.