Ekainaren 15etik irailaren 15era egongo da martxan aurtengo TAO sistema

Baleike 2019ko eka. 5a, 09:20

Udalak jakinarazi duenez, iazko txartelak aurtengo udan erabiltzeko balioko du, beti ere, dagokion ordainketa egin ondoren. Horretarako, iaz egoiliar txartela eskuratu zuten zumaiar guztiek aurtengo kuota ordaintzeko erreziboa jasoko dute etxean aste honetan zehar.

Ekainaren 15etik hasita irailaren 15era arte egongo da martxan aparkamenduaren erregulazio sistema, eta, iaz bezala, errotazio altuko guneak, egonaldi ertain edo TAO guneak eta bertakoentzat gordetako guneak bereiziko dira.

Azken gune horietan aparkatzeko ezinbestekoa izango da, aurreko bi urteetan bezala, egoiliar txartela izatea eta, hain zuzen, horri lotuta Udalak jakinarazi du iazko txartelak aurtengo udan erabiltzeko ere balioko duela, dagokion ordainketa banketxean egin ondoren. Horretarako, iaz egoiliar txartela eskuratu zuten zumaiar guztiek aurtengo kuota ordaintzeko erreziboa jasoko dute etxean aste honetan zehar, eta behin ordainketa eginda, txartel bera erabili ahal izango dute aparkamendu sistema indarrean dagoen bitartean.

Edozein kasutan, iaztik hona aldaketaren bat izan duten herritarrek (etxebizitza edo ibilgailu aldaketa, txartela hautsi edo bota izana…) TAO bulegora jo ahal izango dute. Bulego hori datorren astelehenean, ekainak 10, irekiko da Juan Belmonte 10. zenbakian eta zabalik egongo da 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Uda denboraldirako txartelaren kostua ondorengoa izango da: lehen txartela 10€, bigarrena 15€, hirugarrena 20€ eta laugarrena eta ondorengoak 25€.