Jarri dute San Jose kaleko igogailuaren pasabidea

Baleike 2019ko eka. 4a, 20:20

Pasabidea bi zatitan banatuta ekarri dute. Lehenengoa goizean ipini dute, eta bigarrengoa, berriz, arratsaldean. Lanak ongi joan direla kontatu dute arduradunek.

San jose kaleko igogailuaren lanak aurrera doaz, eta horren erakusle da gaur jarri duten pasabidea. Egitura horrek igogailua eta San Juan egoitza lotzen ditu, eta lanaren arduradunek kontatu dutenez, "gaurko exekuzioa izan da obrako zailena". 

Pasabidea bi zatitan ekarri dute Zumaiara, eta San jose kalea estua izanda, kamioak atzeraraka egin du sarrera. Goizean lehenengo pieza jarri dute: "Hamabi metro eta zortzi tona pisu ditu", azaldu dute arduradunek. Bigarrengo pieza, berriz, arratsaldeko bostak aldera ipini dute. "Bigarrengo hori luzeagoa eta pisutsuagoa da. Guztira hamasei metro luzera eta hamabi tona inguru ditu", kontatu dute arduradunek.

Pasabidea jartzeko egun osoan ibili dira langileak. "Goizeko zazpietan etorri gara", azaldu dute. Obra guztia hilabete bukaeran edo beranduenez uztaila erdi aldera amaituta ikustea aurreikusten dute.