Egitarau zabala izango du larunbatean egingo den IV. Bizikleta egunak

Baleike 2019ko eka. 4a, 13:51

Bizikleta egunaren IV. edizioa izango da aurtengoa, eta jarduera guztiak Alai auzategian egingo dira. Ohi bezala, txirrindulari probak, mendi bizikleta irteera eta abar egongo dira.

Zumaiako IV. Bizikleta Eguna antolatu du Udalak larunbaterako, eta azken hiru urteetan moduan, egitarau zabala izango da goizean goizetik hasita arratsaldeko zortziak aldera arte.

Aurten Alai auzategia izango da ekintza eta irteera guztien abiapuntu zein helmuga. Hala, eguneko lehen ekintza mendi bizikleta irteera egingo da. Hain zuzen, 09:30ean hasiko da irteera haur, gazte zein helduentzat, eta bi ibilbide desberdin egongo dira aukeran:

  • Sagarbide-Kantea-Estazioa-ur araztegia-Karakas-Artia-San Miguel-Talai Mendi-San Telmo ermita-Ardantza-Agerre baserria-Foronda-Sagarbide. Guztira 20 kilometro eta 600 metroko desnibeleko ibilbidea.
  •  Sagarbide-Kantea-Estazioa-ur araztegia-Ardantza-Algorri-Sagarbide.

Mendi bizikleta irteerarekin batera, goizeko 09:00etan eta 10:00etan, cycling saioak egingo dira Aitzuri pilotalekuaren aurrean. Eguraldi txarra eginez gero, Herri Eskolako frontoian eskainiko dira bi saioak. Izen ematea aurrez egin beharko da kiroldegian. Horrez gain, bai goizez zein arratsaldez, 10:00-14:00 eta 16:00-18:00ko ordutegian, bizikleta elektrikoak probatzeko aukera ere izango dute zumaiarrek.

Eskola Bideak egitasmoak ere bere lekua izango du egun horretan. Hala, 11:30ean Guraso Elkarteak Udalarekin elkarlanean garatutako ekimen horren baitan, haurrekin bi ikastetxeetara joateko zehaztutako ibilbideak egin eta, bide batez, geltokiak ere ezagutuko dituzte.

12:30ean atsedenaldia egingo da eta mokadutxo bat eskainiko zaie goizeko ekintzetan parte hartu duten guztiei. Ondoren, 13:00-14:30 bitartean, ginkana ezberdinak jokatuko dira eta horiek guztiak amaituta,14:30ean bazkaria eskainiko zaie parte hartzaileei.

Arratsaldeko ekimenak
Arratsaldean ere jarraituko du Bizikleta Egunak, eta 16:30ean, ginkana izango da. Ondoren, 18:30ean, alebin eta infantil mailako txirrindulari proba egingo da Zuloaga plaza inguruan.  Hori dela eta, 18:00etatik 19:30era bitartean, ondorengo kaleak itxita egongo dira ibilgailuentzat:  Axular ibiltokia, Bidabe Azpia kalea, Bonbillobekoa kalea, Bidezarreta kalea eta Jadarre auzoa. 18:45etik 19:00etara bitartean, ordea, trafikoa irekiko da bertako bizilagunen ibilgailuak sartu eta atera daitezen.

Behin proba amaituta, Bizikleta kalejira hasiko da 19:30ean Zuloaga plazatik. Handik Aitzuri pilotalekuraino joango dira, eta 20:15ean bizikleta saltoen ikuskizuna izango da. Hain zuzen, ikuskizuna egingo duten lagun horiek hartuko dute parte kalejiran. Amaitzeko, eguneko ekintzetan parte hartzen dutenen artean bi bizikleta zozkatuko dira. Horretarako, jarduera bakoitzeko txartel bana banatuko zaie parte hartzaileei eta behin hori beteta, Alai auzategian jarriko den buzoian sartu beharko dute. 

Udalaren helburua da ekimen horrekin mugikortasun jasangarria oinarri hartuta, herritarren artean ohitura osasuntsuak bultzatu eta sustatzea. Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkie egitarauaren antolakuntzan parte hartu duten guztiei eta, bide batez, herritarrak ekintza horietara parte hartzeko gonbidapena egin nahi du. Parte hartzaileen segurtasuna bermatzeko, gainera, kaskoaren erabilera gomendatzen du.