Irailaren 14rako manifestaziora deitu dute '11/13 auziko' auzipetuek

Urola Kostako Hitza 2019ko eka. 2a, 18:00

Nagore Garcia zumaiarra epaituko dute, beste 46 kiderekin batera. "ETAren espetxe frontea" osatzea leporatzen diete euskal presoen babes taldeetako kideei.

Irailaren 16an hasiko da 11/13 auziko epaiketa; hots, euskal presoen babes taldeetako 47 kideren aurkako makroepaiketa. Auzipetuen artean da Nagore Garcia zumaiarra. Epaiketa hasi aurretik, auzipetuek gizartearen babesa jaso nahi dute. Hala, atzo Donostian prentsaurrekoan jakinarazi zuten manifestazioa antolatu dutela irailaren 14rako, eta bertaratzeko eskatu zieten herritarrei: “Makroepaiketa honekin asaldatu diren eta babesa agertu diguten herritarrei dei zabal bat egin nahi diegu irailaren 14an, epaiketaren bezperan, denon artean manifestazio handi bat antolatu dezagun Bilbon. Kalean eta jendearekin erantzun nahi diogu epaiketari”.

Jakinarazi dute hainbat eremutako pertsonekin “manifestu zabal bat” lantzen ari direla manifestazioak oihartzun eta parte hartze handiagoa izan dezan, eta esan dute datozen asteetan emango dutela horren berri.

Bestalde, webgune berezia sortu dute, epaiketaren gaineko informazioa herritarren eskura jartzeko: www.11-13makroepaiketa.eus.

Agerraldian zerrendatu egin nahi izan zuten zein izan den beren lana (hemen prentsaoharra osorik). Zentzu horretan, esan zuten lasai daudela. “Gure printzipio politiko eta etikoei loturik aritu gara uneoro, eta lasai gaude egin dugunarekin. Asko izan du ederretik elkartasun sare honen parte izateak, pertsona bezala hobetu gaitu, eta elkartasunaren balioa gure bizitzen parte egiteak balio izan digu gizartean dauden bestelako injustizia egoerei begiratu eta gure sentitzeko. Asko izan du ederretik zentzu horretan, baina asko izan du minetik ere”, esan zuten.

Etorkizunari dagokionez, ordea, kezka da nagusi. “Guk espetxearen mamua dugu parez pare. Gure hurbilekoek gure ausentziaren, sakabanaketaren eta finean maite duten pertsona bat preso izatearen mamua dute parez pare. Azpimarratu beharrean gaude egun 38 adingabe ditugula guztira gure zaintzapean, eta pertsona hauen garapen afektibo eta emozionala erabat baldintzatuko lituzkeela gure espetxeratzeak”.

2013an eta 2015ean atxilotuak
“ETAren espetxe frontea” osatzea leporatuta epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean.  Fiskalak zortzi eta 21 urte bitarteko espetxealdiak eskatuak ditu auzipetu guztientzat, baita hainbat urtez zaintzapean egotea eta isun ekonomikoa ere. Fiskalak 13 urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du Gartziarentzat.

Garcia Herriraren aurkako polizia operazioan atxilotu zuten, 2013ko irailaren 30ean. Epaileak urriaren 3an utzi zuen aske; Garciak 20.000 euroko bermea ordaindu behar izan zuen aske ateratzeko. Ondoren, 2015eko urtarrilaren 14an, deitu zuten Garcia deklaratzera, Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelera, eta gainerako kide guztien gisan, uko egin zion deklaratzeari “egindako galderak ez zeudelako akusazioarekin lotuta”.

2013ko irailean Herriraren kontra eginiko polizia operazioan du jatorria 11/2013 sumarioak. 2014ko urtarrilean, bitartekari taldeko zortzi lagunen aurkako sarekada etorri zen, eta hurrengo urtean, abokatuen eta beste lau lagunen aurkakoa. 2015eko martxoan, berriz, Jaiki Hadiko eta Etxerat-eko kideak atxilotu zituzten. Eloy Velasco epaileak egin zuen instrukzioa, eta Auzitegi Nazionaleko fiskalak bat egin zuen haren tesiarekin. Horren arabera, “ETAren espetxe frontea” osatzen dute auzipetuek. “Erakunde terroristako kide” izatea leporatzen die ia denei. Auzipetze autoan, baina, epaileak berak aitortu zuen aztertutako dokumentuetan ez dutela aurkitu ETAren eta ustezko Koordinazio Gunearen artean lotura zuzenik eta harreman organikorik zegoela esateko moduko “inongo daturik”. Hala ere, Velascok ziurtatu du auzipetu guztiek bazekitela “Koordinazio Taldekoek [EPPKren bitartekariek] ETArekiko menpekotasun harreman bat zutela”, eta talde horiek legez kanpoko Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren hutsunea betetzen zutela.

Epaiketa, sei urtera
Garcia eta Herrirako beste hainbat kide atxilotu eta sei urte pasatxora jarri dute epaiketarako data, aurtengo apirilean. Orduan ohar bidez azaldu zutenez, urte guztiotan “presente” izan dute epaiketa “edozein unetan” iritsiko zela. Gainera, gogorarazi zuten hamabostean behin epaitegira joan behar izaten dutela sinatzera, eta Espainiatik ateratzeko debekua izan dutela. “Egoera horrek gure bizitzak baldintzatu ditu, gureak eta gure ingurune hurbilarenak, maite ditugun eta gaituzten horienak”. Auzipetuek adierazi zutenez, “espetxearen mamua” dute parez pare: “Gure hurbilekoek gure ausentziaren, sakabanaketaren eta finean maite duten pertsona bat preso izatearen mamua dute parez pare. Egoera gogorra da beraz, ez dugu ukatuko”.

Orduan zaldu zutenez, euskal presoen eskubideen aldeko lana egin dute: “Euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak antolatzea, presoen osasuna zaintzea, presoak epaitegietan defendatzea, bitartekari lanak egitea, presoen senideak izatea eta sakabanaketari aurre egiteko antolatzea izan da gure lana, eta hori da epaitzera doazena. Kausa justu baten alde antolatu gara, elkartasuna antolatu dugu, giza eskubideak aldarrikatu ditugu, eta presoak eta iheslariak herrian egon daitezen lan egin dugu”.

Auzibidea “estatuaren estolderietan sortutako astakeria juridiko eta soziala” dela salatu zuten auzipetuek. Izan ere, horien arabera, beren lana “erabat publikoa” izan da, eta helburu argiak zituen: “Euskal presoen eskubideak errespetatuak izatea, Euskal Herraian justiziazko bake egoera bat behingoz finkatzeko”. Epaituek auziaren “bidegabekeria” salatuko dutela esan dute, eta adierazi dute bide hori herritarrekin batera egin nahi dutela. “Etorkizun berri batean sinesten dugu; justizian, inolako indarkeriarik gabe eta bakean bizi den Euskal Herri bat nahi dugu. Egia, enpatia eta zubigintzaren bidez, gure eskuak eta gogoak prest daude bide hori egiteko”.