Gerraurreko Zumaiara hurbilpen bat

Baleike 2019ko mai. 31a, 11:46

Baleike Kultur Elkarteak 25. urteurrena baliatu du Bigarren Errepublikako Zumaiaren inguruko liburu bikoitza argitara emateko. G. Barbarin izeneko frantses batek Zumaian idatzitako eleberria itzuli du Maia Osa Rissanenek, eta istorio hura garaiko argazki eta artxiboko datuekin osagarritu du Xabier Azkuek. Baleikeko bazkideek ekaineko aldizkariarekin batera jasoko dute argitalpena, doan.

San Telmo ermitan aurkeztu zuten atzo gerraurreko Zumaiari buruzko liburu bikoitza. Xabier Azkueren hitzetan, arrazoi bat du aurkezpenerako leku hori hautatu izanak. Hain justu ere, garai batean ospitale izandako San Telmo ermita ondoko etxe horren istorioa jasotzen du Maia Osa Rissanenek itzulitako eleberriak.

Gerraurreko Zumaiari buruzko eleberri bat jasotzen du liburuak alde batetik. Azkueren hitzetan, “kasualitatez” iritsi zen haren eskuetara: “Lagun batek eman zidan liburu horren berri, eta esan zidan 1936an frantses batek idatzia zela. Liburu asko idatzi zituen G. Barbarinek, horien artean, Maiak itzuli duena”. Eleberriko protagonista herrian zehar irudikatu zuen Azkuek eleberria irakurri zuenean, San Telmo ermitara eta ondoko etxera heltzeraino. Eleberriaren sarreran istorioak benetan gertatutakoak direla aipatzen du G. Barbarinek, “bizigarriagoa” izateko elementu gutxi batzuk sartzen dituen arren. Etxe hartan apopilo hartu zutela ere aitortzen du idazleak.

1936ko abendutik 1937ko otsailera bitartean Suitzako egunkari batean ere argitaratu zuten eleberria, atalka. Koaderno batzutan idatzi zuen bertsio bat, orduko Zumaiako irudiak ere badituena. Bertsio hori da, hain zuzen ere, euskaratu dutena. Ilustrazioak Ander Hormazurik koloreztatu ditu.

Liburua itzultzen amaitu zuela hilabete batzuk badirela aitortu du Osak. Nolanahi ere, liburua “kuriosoa” dela gogoratzen da. Eleberri historiko ugari itzuli du orain arte Osak, eta gustura sentitu da horretan, beste errealitate eta garai batzuetara “bidaiatzeko” aukera eman diolako horrek. Hori da, Osaren ustez, eleberriari balioa ematen diona: “Gure arbasoen bizitza irudikatu dezakegu garai haietan. Alde literarioa kontuan izanik, ez da puntako obra bat, baina zumaiarrontzat polita da irakurtzeko”.

Hiztegian zailtasun batzuk topatu ditu, eta hitz jakin batzuk bilatzeko Xanti Osa aitonari galdetzen zizkion: “Aitzakia horrekin hizketan hasten ginen, haurra zeneko bizimoduaz, ohiturez… pena da bera gaur hemen ez egotea”. Hurbileko historia hori gordetzeko beharrezkotzat jo du Osak hitz egitea. Historian atzera begiratzeko aukera izateagatik eskertuta agertu da.

Uste baino lan gehiago egitea egokitu zaio Azkueri: “Eleberria argazkiekin hornitzea polita litzakeela pentsatu nuen”. Egunkarien puskak, Udaleko artxiboko akta zatiak, argazkiak… hala osagarritu ditu Azkuek eleberrian agertzen ziren gertaerak. Eleberriaren “ispilua” egiten saiatu da: “Benetako gertaeretan oinarritutako istorioa izan arren, fikzioa da bata; eta benetako datuen kronika bestea”. Hori dela eta, argazki bat jarri dute kronika horren azalean.

Kanpotar baten ikuspegitik idatzia da eleberria. Kronika, aldiz, herritar batek herritarrentzat idatzitako liburua dela uste du Azkuek. Abelin Linazisorok Baleiken 2005etik 2009ra bitartean egindako elkarrizketak edota ahotsak.eus proiektuan elkarrizketatutako zumaiarren lekukotzak ekarri ditu gogora. Azkueren hitzetan, eleberria bera baino balio handiagoa dute lekukotza horiek. “Benetako Zumaiaren argazki bat” ateratzeko balio dutela uste du.

Liburua idazteko prozesuan jende ugari topatzeko zortea izan duela aitortu du, besteak beste, Arritokieta Manterola. Urte horietan zehar San Telmo ermita ondoko etxea eta bertako bizilagunak ezagutu zituen Pepita Urruzolari esker, eleberriko jendeari aurpegia jarri ahal izan dio.

Lehengo Zumaiara joan-etorria irudikatu nahi izan du. Azkueren hitzetan, pisu handia du trenaren irudiak hasieran eta amaieran. Dani Carballok irudi berezia egin du: San Telmoko ermita lokomotora balitz bezala irudikatu du: “Hasiera batean azalean jartzeko tentatuta egon ginen, baina azkenean argazkiaren alde egin genuen. Trenaren ideia hartuta, zuekin gerraurrera joan-etorri hori egin nahiko nuke, bagoiak ongi hornituta dauzkagu; eta geldialdi batzuk proposatuko dizkizuet bidaia horretan”.

Kronika eleberria baino luzeagoa ez egitearren, kanpoan utzi behar izan ditu Azkuek kontu asko. Aurrerantzean Baleikeren webgunean argitaratzen saiatuko da gertaera horiek, eta kronika osatzeko baliagarria izan daitekeen informazioa izanez gero jakinaren gainean jartzeko eskatu du Azkuek, proiektu “bizia” izan dadin.

Baleikeko bazkideek doan jasoko dute argitalpena ekaineko aldizkariarekin. Ondoren, Turismo Bulegoan, Aizpurua liburudendan eta Otañon aurkitu ahal izango duzue salgai.

Jon Maia bertsolaria ere izan zen aurkezpenean. Manuel Olaizolak duela 60 urte Zumaiari jarritako bertsoak ekarri zituen gogora. Bertso horietan, orduko Zumaiaren argazki bat egiten du Olaizolak. Gaur egungo Zumaiaren inguruko bertsoekin erantzun zion Maiak. Hona hemen bertso sorta:

Zumaiako kontu berriyak, Manuel Olaizolari erantzunez jarriyak

1.

Aizak Manuel entzuten al dek

hortik haola, bazakit

60 bat urte juan dituk

hire bertso haietatik

oaindik herriyan bertsolariyak

bageala ba al dakik?

Ni nauk bat eta, erantzungoiat

Gaur egungo Zumaiatik

 

2.

Hemen Santelmon, gauden tokian

txoko bakarti polita

seguru asko andregaiakin

egingo huen bixita

ez marinelen azken talaia

ez fededun ez xirrika

orain jendiak esaten ziok

Flysch-en gaineko ermita

 

3.

Orain Zumaiko jendia ia

ez dek kabitzen hondartzan

kaian etziok arrain usainik

ez baforerik balantzan

ez Nuevo Julian ta ez Txurruka

San telmo aspaldi juan zan

Jonny Maracas izeneko bat

dabil turisten arrantzan

 

4.

Gauza bat ziok oso polita

Izena duena OTA

Euskeraz TAO baina euskeraz

inori etzaio inporta

lurreko marren koloriari

juan behar dek begiz jota

bestela isuna edota multa,

hori ere poliglota

 

5.

Poligonuak urtiak zeuzkak,

Puntanueta berriya

Lehengo padurak zeuden tokiyan

kirol portu bat jarriya

Talaso edo skate parkia

Narrondon bidegorriya

igual ez hukek ezagutuko

hik utzi huan herriya

 

6.

Orain ez dituk denak herrian

jaiotzez euskaldun zaharrak

Amerikarrak, espainiarrak

Europar ta afrikarrak

edononguak izan litezke

Gaur egungo zumaiarrak

Nunnahi euskaraz entzungo dituk

Azal beltxaran earrak

 

7.

Harrigarria izanagatik

horrelako gai bat mahaira

salto politak gertatu dituk

ordutik gure garaira

emakumia ailegatu dek

traineruko arraunlaira

Kontxako azken bandera haiek

Ekarri ditek Zumaira

 

8.

Aizak Manuel, galderatxo bat

maliziyarekin edo…

Hiri burura zer etortzen zaik

Games of Thrones esan ezkero?

gaupasa eginda dagoen norbait

berriketan aho bero

sardinazahar bat zopako ogiyan

Ahoan sartu ta gero

 

9.

Oain hanburgesak jaten dizkiau

ketxupaz furgofarretan

Telepizza re ailegatzen dek

Zarauztik motozikletan

baina oaindikan Olarru zopa

bizi dek herri honetan

Igual atzea eroiko hitzan

probauko bahu kroketan

 

10.

 Elorrixara juteko ere

pulsometrua ta mapa

gure north face-ak ta Salomonak

ez mahoi ta ez abarka

selfie bat egin Agerrenian

ta jetsitzian aldapa

ya in diat buelta” bialtzen diyeu

kuadrilakuei watsapa

 

11.

 Famatu egin dek Erriberako

lehengo komunen pareta

eta Madrilen Patxi zana ere

ateatzen dek tarteka

hauteskundetan nahiz nagusitu

abertzale papeleta

ez dek bozkatzen ez badlin bakak

Espainiako karneta

 

12.

 Aio Manuel hauxe dek dena

hire bertso zaharren ordain

formak aldatu izanagatik

oraindik arraina arrain

gerora inork jakin nahi badu

Nola bizi gean orain

dana Baleiken aurkituko dik

paperian eta online