Alvaro Bermejo: "Irakurleek Endañeta intimoa, gizatiarra, gertukoa eta familiarra ezagutuko dute liburuan"

Baleike 2019ko mai. 29a, 10:26
Argazkia: Joseba Urretabizkaiak utzitakoa.

Jose Manuel Agirre Endañeta harri-jasotzailearen mitoa eta legenda bizi-bizi dago oraindik. Bere garaiko harri-jasotzaileen artean ospetsuenetakoa eta indartsuenetakoa izan zen, eta, orain, haren ibilbide profesionala jasotzen duen liburua idatzi du Alvaro Bermejo kazetari eta idazle donostiarrak, Zumaiako Udalaren babesarekin. Larunbatean aurkeztuko dute Oxforden, 12:30ean. Arratsaldean, berriz, Agirreri omenaldia egingo zaio Odieta frontoian, 18:30ean.

1943. urtean hamabi anai-arrebez osatutako familia batean jaio zen Agirre. Tomas eta Joxepa gurasoen laugarren semea izan zen, eta gazte-gaztetatik nabarmendu zen indarreko lanetan. “Baserriko lanak egin ondoren hasten zen entrenatzen ukuiluan berak egindako hormigoizko bloke batekin. Ezkutuan egiten zuen, gurasoek ez baitzuten nahi harri jasotzen ibiltzea. Haren ondoren etorri ziren harri-jasotzaileak kirolariak izan ziren, baina Endañeta ez ,eta horrek pertsonaia kolosala bihurtzen du”, azaldu du Bermejok.

Idazle donostiarrarentzat aberasgarria izan da Agirre eta bere inguruan dagoen historia ezagutzea. “Joseba Urretabizkaia argazkilariak, eta Xibarit argitaletxearen arduradunak, izan zuen liburua egiteko ideia. Herri kirolari zuzendutako  Jentilak bilduma du, eta Endañetari buruzko liburu bat idazteko proposamena egin zidan. Ideia liluragarria iruditu zitzaidan, azkenean, egunkarietako erreferentzietatik ezagutzen nuen nik Agirre, eta banekien bere garaiko legenda bat izan zela, baina apenas gehiago. Orduan, oso gustura hartu nuen lan hori”, aitortu du.

Intimoa eta gizatiarra
Iazko udan ezagutu zuen Agirre, eta pertsona jakintsua, lotsatia eta umila dela nabarmendu du. “Pertsonaia indartsu eta basati horren atzean, bizitzaren maisua den pertsona dago. Pertsona berezia da, gutxi hitz egiten duen arren, kontatzeko asko duena eta berarekin asko ikasten da”, adierazi du.

Liburuaren esentzia ere bide horretatik doa. Idazleak kontatu duenez, Agirreren marka eta errekorretatik harago doa. “Pertsonaian sakontzen saiatu naiz, eta hori erronka bat izan da. Irakurleek Endañeta intimoa, gizatiarra, gertukoa eta familiarra ezagutuko dute liburuan: historia bat duen, baina hankak lurrean dituen pertsona. Askotan kirolariak makinatzat hartzen ditugu, baina gizakiak ere badira, eta asko dute kontatzeko”, azpimarratu du.

Halaber, hori da Bermejo ere Agirreren izaeratik eta ibilbidetik harritu duena: “Pertsonaia bera oso nobeleskoa da. Hitz gutxitan asko kontatzen du, eta galduta dagoen mundu bateko zaintzailea dirudi. Garai hartan proba eta garaipen pentsaezinak egiten zituzten, mitoak bilakatzen ziren, jokoan amarruak eta engainuak zeuden… Oinordekoak diren Goenatxoren eta Perurenaren mundua ez zen horrelakoa izan, ordea. Nire helburua, beraz, Agirreren garaiko mundu horren legatua uztea izan da, egungo gizartean ahaztu ez dadin”.

Liburuaren estiloari begiratuz, hitzarekin eta historiarekin jolastu nahi izan du donostiarrak. “Agirrek kontatutakoa nire maisu handia izan zen Oteizarekin lotu nahi izan dut. Liburuak bide eman dit harriaren kultoa Oteizaren espaziotik eta herri kirolen mundutik ikusteko. Niretzat herri kirola ez da kirol bat, askoz harago doa: erritual bat da”.

Aurkezpena eta omenaldia
Erritoaren bidetik, garaiko herri kirolak festa moduan definitzen ditu Bermejok. “Modu batean esanda baserritarren lana ospatzen zen, eta harri-jasotzaileekin batera, askotan bertsolariak eta aizkolariak ere joaten ziren. Eguneroko ekintzei duintasuna ematen zien, nahiz eta horretan ez zen pentsatzen”.

Larunbaterako ere egun osoko festa antolatu dute Zumaian. Lehenengo, 12:30ean, Endañetari buruzko liburua aurkeztuko dute Oxforden, eta liburua erosi nahi dutenek bertan izango dute horretarako aukera. Arratsaldean, berriz, Agirre omenduko dute. Odieta frontoian izango da, hain zuzen, 20 urterekin bere lehenengo apustua egin zuen tokian. 18:30ean hasiko da.

Omenaldian hamar aizkolarik, hemeretzi harri-jasotzailek eta bi bertsolarik parte hartuko dute. Aurkezpen lanetan, berriz, Jose Angel Sarasola ariko da. “Topaketa bat izango da, garaian egiten ziren gisako jaialdi edo festa handi bat”, gaineratu du Bermejok.

Endañetaren mitoa bizi-bizirik dagoela ere nabarmendu du idazleak. “Primerako historiarekin amaitu zuen bere ibilbide profesionala eta legenda bat bihurtu zen. Ia 50 urte dira harri jasotzeari utzi ziola eta merezi du errekonozimendua jasotzea”, gaineratu du.

Liburuarekin pozik dagoela ere onartu du Bermejok. “Agirreren txarrerako, handi asko zeuden bere garaian, Urtain esaterako, eta mito asko sortu ziren. Liburuan kontatzen denarekin pozik dago, baita egingo zaion omenaldiarekin ere”.