Jose Manuel Agirre: “73 urte ditut, eta oraindik ere, Urtainen aurka ez jokatu izanaren pena daukat”

Baleike 2019ko mai. 29a, 08:00

Jose Manuel Agirre Endañeta omenduko dute larunbat honetan. Eguerdian bere bizitza jasotzen duen liburuaren aurkezpena egingo da Alondegian, eta arratsaldean herri kirol jaialdia Odietan. Hemen irakurri daiteke 2016ko martxoko Baleike aldizkarian egindako elkarrizketa.

1943an,12 anai-arrebez osatutako familia handi batean jaio zen Jose Manuel Agirre Endañeta. Tomas eta Joxepa gurasoen laugarren semea izan zen, eta gazte-gazterik nabarmendu zen indarra behar zen lanetan. Harria jasotzen ibili zen 14 urtez, eta bere garaiko mito bilakatu zen. Oraindik ere gogoan ditu urte haietan egindako apustu eta pasadizoak. Hauxe da bere historia.

Peregrinaziorako leku moduan har daiteke Jose Manuel Agirre Endañetak Odieta frontoiaren ondoan egin ziren etxeen azpian duen lokala. Bertan, forma eta pisu ezberdinetako dozenaka harri ditu jasota. Gauzak nola diren: bere lehenengo apustua ere Odietan egin zuen, 20 urterekin. “Ni baino urtebete zaharragoa zen Asteasuko Sarasolaren aurka egin nuen apustu. Hamarreko kubikoarekin egin genuen proba, 125 kiloko harriarekin, alegia. Hementxe, Zumaian jokatu genuen. Frontoia berrituta zegoen, eta izugarrizko jende pila etorri zen inguruetatik”, kontatu du.

Bere kirol ibilbidearen hasiera besterik ez zen izan hura. Baina nolatan hasi zen harria jasotzen? “Nik uste dut jaiotzetik nekarren afizioa zela, berezkoa. Etxean beti geneuzkan patata edo sagar zakuak, eta anaia Agustin eta biok hortxe ibiltzen ginen elkarren aurka ea nork zaku gehiago jaso”, esan du. Etxeko lanak egin ondoren, anai-arreba batzuk sukaldera joaten ziren errosarioa errezatzera, eta anaia zaharra eta biak, ezkutuan, elkar haustera joaten ziren. “Kristoren pikea genuen. Baina 15 bat urterako pasa nuen, askoz gehiago nintzen”, gogoratu du barrez.

Hamahiru urterekin, baserritik Zumaiara jaitsi zen lanera. Igeltsero hasi zen lanean, eta jubilatu arte ere, horretan jarraitu zuen. Obretan aurkitzen zuten edozein harri altxatzen lehenengo pertsona izaten zen Jose Manuel. Behin, Ardantzabide inguruan, 119 kilo pisatzen zituen harri bat aurkitu zuten. Artean, 15 urte zituen, eta Jose Manuel izan zen lehenengoa jasotzen. “Iluntzetan, harri hura altxatzeko kola egiten zen. Ustez, indarra zuten pertsonak etortzen ziren jasotzera, ni baino askoz zaharragoak, baina ez zuen inork lortu. ‘Heldu, Manuel!’ esaten zidan obrako nagusiak orduan, eta nik di-da jasotzen nuen. Bi-hiru jasoaldi ematen nizkion, eta jendea harrituta gelditzen zen”.

Gurasoei, ordea, ez zitzaien horrela ibiltzea gustatzen. “Aurka nituen beti. Ez zitzaien gustatzen mundu hau. Gauza astuna zen, indarra behar zen, eta ez zitzaien gustatzen. Gainera, orduan, dena apustua zen. Harria jasotzen egin nahi bazen, derrigor apusturen bat egin behar zen. Orain txapelketak ere egiten dira, baina gure garaian, apustuen bitartez funtzionatzen zuen. Hori, ordea, gaizki ikusten zuten etxean, fama txarra sortzen zuen itxura denez, eta hori gurasoei ez zitzaien gustatzen”, esan du.

Urtainen aurkako apustua ezerezean

Baina Jose Manuelek odolean zeraman harria jasotzearena. Eta, hala, etxean entrenatzen ibiltzen zen, ezkutuan, anaien artean. Obran zerbait ikasi eta harriak bere kabuz egiten hasi zen. Masarekin eta burdinarekin prestatzen zituen. “Nik egindako harri dezente nituen, eta horrela hasi ginen geure burua probatzen. Geroago 2-3 erosi egin nituen”.

Zumaiako harakin zen Txortenaren bitartez, Orioko Atxegarengana joan zen entrenatzera. Atxegaren lokal batean entrenatzen zuen, eta oriotarrak jende gehiago ere entrenatzen zuen. “Izen handiko entrenatzailea zen, norbaiti apusturen bat eginez gero, harri jasotzailearen entrenatzailea Atxegak behar zuen izan. Mundu honetaz bazekien zerbait, baina mutilak prestatzen ez zen hain abila. Baina, beno, garai hartan entrenatzaile guztiak ere horrelakoak ziren”, esan du.

Ordurako, Urtain eta Endañetaren arteko apustu gose hori bolo-bolo zebilen. Bien arteko apustua jendearen zurrumurruetatik eta gogotik abiatu zen. Jendeak bien arteko lehia ikusi nahi zuen, eta posizionamendua ere argia zen: Arroa aldekoak Urtainen alde, eta Zumaia aldekoak Endañetaren alde.

1964ko abenduaren 11n bien arteko apustua adostu zuten, jokoan 25.000 pezeta inguru. “Orduan, 100.000 pezetarekin etxe bat erosten zen, pentsa!”. Zita, otsailean izango zen, gero biak soldadutza egitera joan behar baitzuten. “15-20 egunen faltan baina, apusturako botatako seinalea entregatu egin zuen Urtainek, behatzean mina zuela esanez”, kontatu du.

Martxoaren hasieran, 22 urterekin, soldadu joan zen Jose Manuel Gasteizera, eta Urtain, berriz, uztailean Ceutara. Baina Endañeta soldadutza egiten ari zen bitartean, eibartar batek bi apustu egin zizkion Urtaini. Eibartarra 162 kiloko kubikoarekin eta 175ekoarekin Urtain. “Oso ondo egin zuen bere lana Urtainek eta jainkoaren pare gelditu zen orduan”, esan du Jose Manuelek.

Biak soldadutzatik bueltatu zirenean, elkarren arteko apustuaren kontuak azaldu ziren berriro ere. “Elkarren aurka jokatu nahi genuen, baina biok elkarren beldurra ere bagenuen”, esan du. Urtain harri txikiagoekin hobeto moldatzen zen, biziagoa zen Endañeta baino. Baina soldadutzatik harri handiarekin jokatzeko intentzioarekin etorri zen Urtain. Hala, apustua egiteko elkartu ziren, baina ez zuten adostasunik lortu. “Bi intento egin, eta ez genuen ezta behin ere jokatu. 73 urte ditut, eta oraindik ere, haren aurka ez jokatu izanaren pena daukat”, aitortu du. Urtain 24 urterekin boxeoan hasi zen. “Hortxe bukatu zen gure harri jasotze festa hori”.

Soldadutzatik etorrita, Atxegarekin jarraitu zuen entrenatzen Jose Manuelek. Baina denbora gutxi egin zuen. Ez zion asmatu. “Azken aldea gehiegi entrenatzen ninduen, eta gorputzak ez zidan erantzuten. Nekatuta bilatzen nuen neure burua, eta aspertu egin nintzen. Harengana joateari utzi nion, eta bakarrik jarraitu nuen, anaiekin eta auzoko jendearekin. Nik neuk harrapatu nion puntua neure buruari, eta ez nuen gehiago maisurik izan”.

23 apustutan borobildutako ibilbidea

Lehen aipatu bezala, Jose Manuelek lehenengo apustua 20 urterekin egin zuen Zumaian. Harria jasotzen, 34 urte izan arte ibili zen, baina 40 urte arte jardun zuen erakustaldiak eta egiten.

Guztira 23 apustu egin zituen, eta horietatik asko, aurkariei dezenteko abantaila emandakoak izan ziren. “Ez nuen aurkaririk parean. 225 kiloko harria altxatzera iritsi nintzenean, Mendizabal izeneko bat etorri zitzaidan apustua egitera. Ni baino 4 urte gazteagoa zen”, kontatu du. Hura zen behetik gora zetorren harri jasotzaileetako bat. Jose Manuel baino altuagoa zen, eta pisuz ere mutil sendoagoa zen. “Hiru apustu egin genituen, guztietan berak zuen abantaila, baina ez zidan bat ere irabazi. Bakarrik azkenengoa berdindu egin genuen. Nik 250 kiloko harriarekin jokatu nuen, eta hark 225 kilokoarekin. Biok zortzina jasoaldi egin genituen”, jarraitu du.

Baina Mendizabal ez zen etsitzeko gizona, eta hartu nahi zuenarentzat, apustu xelebre bat ere bota zuen. Apustua zen 175 kiloko zilindroari 30 altxaldi eman eta 1.000 metro koadroko azalerako belarra ebakitzea. “Ez zitzaion kontrariorik ateratzen eta azkenean neuk irten nion. Apustu hura ere irabazi egin nion. Azkenean, lau jokatu genituen eta nahikoa zela esan nion”, esan du.

Harri errektangularra zuen gustukoen Jose Manuelek, eta apustuak hiru txandatan banatzen ziren, 7 edo 10 minutukoetan. Harri handiekin zen ona Jose Manuel eta horretan ez zuen parekorik. 250 kiloko harria izan zen jaso zuen pisutsuena, eta 31 urterekin egin zuen. “Aurkariak izan banitu, pisu gehiago altxatzeko moduan izango nintzela pentsatzen dut”. Geroago etorri ziren Perurena eta gaur egun ezagunagoak egiten zaizkigun harri jasotzaileak.

Eta nola iragartzen zituzten apustuak garai hartan? “Gure kirola gaur egun baino hobeto anuntziatzen zen. Basarri bertsolaria zegoen orduan. La Voz de España eta Diario Vascon idazten zuen, eta irratitik ere izugarrizko propaganda egiten zuen. Basarri guretzat jaungoikoa zen. Herri kirolen berri emateko, onena hura zen. Hark asko baloratzen zituen harri jasotzaileak, aizkolariak, korrikalariak… Basarrik jende dena zoratuta jartzen zuen. Gaur egungo aldean, propaganda handia egiten zen orduan”, kontatu du.

Apustuak botatzeko ere Basarriri esaten zioten. Gero hark komunikabideetan zabaldu egiten zuen, eta aurkaria ateratzen zen. Ondoren, taberna batean geratzen ziren apustuaren nondik norakoak zehazteko. Azpeitian Pastorkua zen, Donostian Bar Urola eta Tolosan Cantábrico. Apustua horietan zehazten zen, eta gero, 2-3 hilabetera, egiten zen.

Markak eta apustu berezia

Plazagizona izateaz gain, halaxe esan du Jose Manuel berak, marka gizona izan zela ere esan daiteke. Plazara oso urduri joaten zela onartu du, baina behin barruan, hazi egiten zela.

Oraindik indarrean dauden 2 marka ditu. Bata, 150 kiloko kubikoarekin eginikoa da. Zazpi minutuko hiru txandatan, eta esku bakarrarekin, 25 jasoaldi egin zituen. “Aretxaren kontra egin nuen apustu. Hark 125 kiloko zilindroa zuen eta esku batekin jaso behar, baita ere. Baina harria zilindroa izatea abantaila handia zen, eta 21 jasoaldi egin zituen”. Beste marka 137 kiloko kubikoarekin egin zuen. Esku bakarrarekin altxa zuen eta artean gaztea zen Perurenaren aurka egin zuen. “Hark 125 kilokoa erabili zuen”.

Apustu guztietan baina, ez zen garaile atera. Behin, erronka berezi baterako prestatu zen: bi gizonen aurka. 238 kiloko harria erabiliko zuten. Jose Manuelek bakarrik jaso beharko zuen, eta besteek bien artean. Alegia, bien artean igo baina baten bizkarrera. “Izugarrizko espektakulua jarri genuen plazan. Tolosan izan zen, elurra zen, eta hala ere plaza bete zen. Nik huts egin nuen apustu hartan”, gogoratu du.

Joakin anaiak butanoarekin zebilen estufa txiki bat eraman zuen berotze aldera. Lehenengo txandan bikoteak sei jasoaldi egin zituen, eta Jose Manuelek ere beste sei. Bigarren txandan, haiek sei berriro ere. “Nik, ordea, frakasatu egin nuen, eta hiru bakarrik jaso nituen. Orduan konturatu nintzen, kalefakzioak kalte egin zidala. Itxura denez, gasak burua bete, eta ez zidan batere onik egin. Indarrik gabe geratu nintzen”. Hirugarren txandan 4 jaso zituen, baina bikoteak irabazi zuen.

Harria jasotzearen munduko aurrerakuntzak

Harria garbi jasotzearen fama zuen Jose Manuelek. “Orain ere jende gutxi dago garbi altxatzen duenik”. Harria heldu, eta lehenengo kolpearekin gora igotzen zuen. Tente, balantzarik egin gabe.

Harria kantoka jasotzen zen bere garaian, harria diagonalean bezala jarrita. Orain, ordea, zuzen jartzen da, eta errazago altxatzen da. “Gaur egun erabiltzen den metodoa Perurenak atera zuen”, kontatu du.

Gauzak asko aldatu dira mundu honetan. Esaterako, lehen, harriak 24-26 ontza luzekoa izan behar zuen (ontza bat, 2.58 zm dira). “Nire azken urteetan 27ra arte luzatu zuten arau hori;  gaur egun, aldiz, arautegiak 32ra arte ezartzen du. Gizon handientzat izugarrizko aldea da hori”, aipatu du.

Bestalde, egungo harriei plomua sartzen diete. “Gure garaian ezin zen sartu, eta orain, harriak altuagoak izatean, errazago jasotzen dira”, esan du. Aurrerapen handiak egin dira kirol honetan. Harriaren erditik gora plomua jartzeaz gain, heldulekua ere gorago izaten dute, egokiago. Plomuak harria baino bolumen gutxiago hartzen du eta hori abantaila da. “Gaur egungo harri jasotzaileak nik ditudan harriak jasotzeko gai dira, noski, pisu gehiago ere altxatzen dute eta. Baina guk egiten genuen moduan ez dira kapazak. Nik botata diet erronka. Etorri izan dira nire txoko honetara harriak ikustera, baina ez dira atrebitu altxatzera”.

Haragizale porrokatua

Garai hartako kirolariek dieta oparoa zuten. Barazki, fruta eta horrelako produkturik ez zuten jaten, edo gure protagonistak, behintzat, ia usaindu ere ez zituen egiten. “Haragia tope jaten zen orduan, eta nik gehiegi jaten nuen, itxuraz”. Oraingo kirolariek ematen duten dietarik ez zen. “Nik asko jaten nuen, baina besteek ere bai. Estomago oso ona nuen nik. Haragia jan eta jan egiten nuen, eta ez nintzen betetzen. Egunero 2 txuleta jaten nituen, bakoitza 600-700 gramokoak. Bat bazkaltzeko eta bestea afaltzeko. 20 urterekin hasi eta 36 urte arte, horrela elikatu nintzen”, kontatu du.

Horretaz gain, arrautza jaten zuen asko. Lehengo apustulariek arrautza jaten omen zuten eta bera ere hasi egin zen. Pontxe eginda jaten zuen. “Bi dozena arrautza, beste azukre pilo bat bota, gainetik ardoa nahastu eta hori zen pontxea. Egunero tragoxka bat ematen genuen. Baina, haragiarekin ez bezala, arrautzarekin segituan aspertu nintzen”.

Elikadura halakoa izatea orduko pentsamoldearen ondorioa zen. Indarra izateko asko jan behar zela esaten zioten, eta janari fuertea, astuna izan behar zela. “Ni baino lehenagoko herri kirolariek oraindik eta gauza okerragoak eta basatiagoak egiten zituzten janariarekin”, amaitu du.

Espainiako gizonik indartsuena bihurtu zenekoa

1969. urtea zen. Telebista bat besterik ez zegoen (Televisión Española), eta Espainiako gizonik indartsuena erabakitzeko lehiaketa baten propaganda ematen zuten behin eta berriz. “Gure etxean uste dut, artean, telebistarik ere ez zela”, esan du Jose Manuelek. Baina lehiaketa haren berri bazekien. “Anuntzioan ez zuten zer lan egin behar ziren aipatzen, eta, gainera, azpeitiar baten aurka apustua eginda nengoen. Horregatik, ez zidan hainbesteko interesik sortzen”.

Baina Langa izeneko mutrikuar batek hara joateko konbentzitu zuen. “Indar asuntoa bada, hiri zaila izango ditek irabaztea”, esaten omen zion. Aurrena, herriko medikuak fitxa osatu behar zuen, eta behin datu horiek Madrilera bidalita, haiek baiezkoa edo ezezkoa ematen zuten. “Joateko abisua jaso nuen, eta Langak eraman ninduen Madrilera, alkilatutako kotxe batean”.

15 egun pasa zituen Espainiako hiriburuan. Guztira 11 lehiakide ziren, Espainia guztitik joandakoak. Bi aste haietan, hotel batean bizi izan ziren elkarrekin eta egunero gimnasiora joaten ziren. “Etxetik sekula atera gabea nintzen, bakarrik Gasteizera soldadutza egitera, eta, pentsa, Madrilen ia gaztelaniaz jakin gabe…”. Baina aurkariekin ederki moldatzen zela kontatu du. Baita zenbat gezurretako borrokaldi eta pultsu joko egin ote zituzten…

Espainiako gizonik indartsuena erabakitzeko eguna maiatzaren 18a izan zen. Igandea zen, eta zuzenean emititu zuten telebistaz. Guztira 6 proba egin zituzten. Aurrena, saltaka 100 metro egin behar izan zuten. Bi txandatan egin zen, eta horietako batean aurrena gelditu zen. Gero luzerako saltoa izan zuten, ondoren pisu jaurtiketa, gero telefonoko listina puskatzea (bakarrak lortu zuen), altzairuzko barra okertzea eta azkenik halterofilia proba bat egitea, 82 kilorekin. “Sekula egin gabe, hantxe egin nuen lehendabiziko aldiz halterofilia. Minutu batean zeinek altxaldi gehien eman, hori zen proba. 30 jaso nituen. Besteak 7-8an gelditu ziren. Hortxe atera nien denei bentaja. Eta aurrena gelditu nintzen”, gogoratu du.

Milioi erdi pezeta balio zuen uzta makina eman zioten sari moduan. Eta, horretaz gain, irabazlearen herrirako, bertan kiroldegi bat egiteko diru kantitate bat. Endañeta baserria Elorriagan dago, baina terrenoz Debari dagokio. “Horregatik, Debako alkatea joan zen saria jasotzera Madrilera”.

Horretaz gain, Madrilen geratzeko proposatu zioten. “Hemen irabazten nuen soldata emango zidatela, eta halterofilia probatzeko aipatu zidaten. Nik ezetz esan nien. Nire bizitza hemen zegoela: nire harriak, nire apustuak, honek guztiak sortzen zuen giroa eta lagun artea… Ez nago batere damututa. Gustura nago eraman dudan bizitzarekin”.