Iñaki Ostolaza: "Espaloiak konpondu behar dira, baina pertsonak dira lehentasuna"

Baleike 2019ko mai. 28a, 16:41

EH Bildurena izan zen joan den igandeko udal hauteskundeetan zerrenda bozkatuena, 2.627 boto jasota. Gehiengo osoa izango du koalizioak udalbatzan, eta Iñaki Ostolaza izango da alkate berria. Jasotako babesarekin erronka handia izan arren, erronka horri "adarretatik eusteko" gogoz daude.

Zer moduz joan da hauteskunde gaua? Atseden hartzeko astirik izan duzu?
Atseden hartu dut, bai, lasai gainera. Bagenekien hona sartu ginenean non sartzen ari ginen, eta egia esan, jaso dugun babesarekin erronka handia da. Hala ere, erronka horri adarretatik eusteko eta aurrera egiteko gogoz gaude. 

Dei eta mezu ugari jasoko zenituen.
Deiak baino gehiago, Whatsapp-eko mezuak. Etxera iritsi nintzen 24:00etan eta 01:30ak aldera hartuko nuen lo, garrantzitsua iruditu zitzaidalako guztiei erantzutea. Horretan aritu nintzen. 

Oierren deia ere jaso nuen. Zoriontzeko deitu zidan, eta datozen lau urte hauetan ikusiko ginela erantzun nion. Prest nago harremana mantentzeko. 

Espero al zenuten emaitza?
Goitik geratuko ginela uste nuen, duela hilabeteko hauteskundeetan, gure joko-eremurik onena ez izanda ere, pareko geratu ginen eta. Hala ere, oso argi nuen gobernatzera iristeko EAJ-PNV eta PSE-EEk baino boto kopuru handiagoa atera beharko genuela. Mezu hori zabaltzen saiatu gara. Hala eta guztiz ere, boto gutxiren aldea espero nuen. Banekien hemengo emaitzen gainetik EAJ-PNVk eta PSE-EEk duten akordio hori eramango zela aurrera. 

2015eko udal hauteskundeetako emaitzekin alderatuz [550 boto gutxiago izan zituen EH Bilduk], zerk ekarri du halako igoera?
Zenbakiak begiratuz gero, EAJ-PNVk zertxobait jaitsi arren, boto kopuruari eutsi dio. Guk duela lau urte jasotako boto kopuru bera da hori. Udal hauteskundeetan EH Bildu eta EAJ-PNVren artean oreka egiten duen oinarri bat badagoela esan nahi du horrek; nolabait, boto fidela badagoela. Eta gero, hortik gora, badago boto gorabeheratsu bat, zerrenden eta proposamenen arabera, batera edo bestera jotzen duena. 

Guk bota genuen mezua argia zen eta jendeak ulertu duela uste dut. Alegia, benetako ezkerreko gobernua nahi bagenuen, EAJ-PNVtik ezkerrera kokatzen den eremu zabal eta anitz horri eskatzen geniola bozka. Esate baterako, Podemoseko botoak etorri zaizkigula uste dut, eta kontuan hartzekoa da.

Errolda handitu delako jende berria sartu da, gazte asko joan da bozkatzera, eta horrek ere bultzada eta ilusioa pizten digu. Gure politikan horiei begira jarriko gara: gazteen beharrei eta ezker ikuspegi batetik dauden beharrei. 

Kasu honetan ondo etorri zaizue Podemos ez aurkeztea. 
Duela lau urte ere ez zen aurkeztu, baina ez genuen lortu bozka horiek geureganatzea. Lan egin beharko dugu hemendik lau urtera ere gugan konfiantza izan dezaten. Aurkezten badira, beraiek ikusi beharko dute. 

Durangon, esaterako, 40 urtean agintean egon da EAJ-PNV. EH Bilduk eta Podemosek agintetik kendu dezakete orain. Podemosek duela lau urte baino bi zinegotzi gehiago atera ditu oraingoan. Horrek esan nahi du proposamenen eta zerrenden arabera egiten dela batera edo bestera. Ezkerreko jendea badago, independentista izan ez arren, bere burua soberanistatzat duena. 

Zein izan daiteke ezkerreko boto hori erakarri izanaren arrazoia? 
Jendearen arazoak konpontzeko gaude. Azken finean, ezkerreko ikuspegia dutenen beharrak guk ere baditugu, eta oso argiak dira: gazteen beharrak, etxebizitza, lana... Baita hilabete amaierara heltzen ez direnen beharrak ere; izan gazteak, helduak edo erretiratuak. 

Gogoratzen dut hauteskundeak baino lehen bi pertsona gerturatu zitzaizkidala. Alkatetza lortuz gero, espaloiak konpondu behar genituela esan zidaten. Esan nien baietz, espaloiak konpondu behar direla, baina pertsonak direla lehentasuna. 

Zumaian gaizki pasatzen ari den jende asko dago. Ostiralean egin genuen kanpaina itxierako ekitaldian Jon Maiak hitz egin zuen: etorkinen inguruan aritu zen, guztiok zumaiarrak eta euskal herritarrak garela aldarrikatuz. Bertan izan ziren Malen Etxeakoak ere. Arazo handia dago zaintza lanetan aritzen direnekin, are gehiago emakumeak eta etorkinak badira. Agian ez da gure eskumena, baina horrek ez du esan nahi babestu gabe utzi behar ditugunik. Erretiratuen bozeramaileak ere hartu zuen parte. Soldata duina duen jendea badago, baina badago beste sektore bat, gehien bat emakumezkoek osatua, miseria batean bizi dena. Berogailua piztearen edo jatearen artean aukeratu behar dute. Dikotomia horretan ezin da bizi. 

Gazteek emantzipatzeko ere oso zaila dute. Alokairua asko igo da. Neurriak hartu behar ditugu, eta horiek dira benetan jendeari inporta zaizkion gauzak. Horretaz gain, lore politak jartzeko, espaloiak berritzeko eta irisgarritasunean inbertitzeko badugu, primeran. Lehendabizi pertsonak zaindu behar ditugu. 

Gehiengo osoa izan arren, elkarlanerako prest zaudetela diozu.
EAE-ANVren garaian posizio garratza izan zuen EAJ-PNVk, eta hurrengo lau urteak ere ildo beretik joan ziren. Azken lau urte hauetan, hasieran jarrera oso bortitza izan zen gobernuaren partetik, nahiz eta gure oposizioa egiteko erak ez zuen zer ikusirik aurreko zortzi urtekoarekin. Eskua luzatu diegu.

Harremanak izan nahi ditugu, eta ez liskarretan aritu. Ez dugu berdin pentsatzen eta gauza batzutan ezingo dugu adostasunetara iritsi, irizpide politiko ezberdinak ditugulako eta eredu ezberdina dugulako. Baina beste gauza batzutan, zergatik ez gara ba adostasunera iritsiko? Azken lau urte hauetan, Azpeitian nahiko giro ona izan dute gobernuko eta oposizioko kideek. Gauza askotan iritsi dira adostasunera, eta hori seguru Zumaiarentzat ere ona dela. 

Ekainaren 15ean eratuko dira Udalak. 
Zerrenda osatu genuenean, "gobernatzeko zerrenda" osatu genuen. Argi genuen gauza bakoitzerako behar genuen pertsonaren profila. Lan-harremanetarako, ogasunerako, kulturarako, gaztediarako, kirolerako... Hala ere, zehaztu egin behar dugu. Udalbatza eratzen denean, bakoitzak dagokiona egin, eta legealdiko plana prestatzen hasiko gara. Bideorria osatu behar dugu: atal bakoitzean, gure programaren arabera, lan batzuk ditugu egiteko. Kronograma bat egin behar dugu; denborak, dirua eta prozesuak kontuan izanda. Argi izan behar dugu lau urte hauetan zer egin behar dugun. Plan horren barruan, herriarekin eta oposizioarekin kontatu behar dugu.