'Endañeta' harri-jasotzailea omendu eta bere ibilbideari buruzko liburua aurkeztuko dute larunbatean

Baleike 2019ko mai. 28a, 14:30

Bere bizitza zein bizipenak jasotzen ditu liburuak. Arratsaldean omenaldia jasoko du Odietako pilotalekuan, eta bertan izango dira 'Endañeta'-ren ibilbidean zehar bidelagun izandako kirolariak.

Jose Manuel Aguirre Endañeta-ren bizitza eta bizipenak jaso ditu Alvaro Bermejok liburuan. Jentilak bildumaren barruan argitaratu dute liburua: herri kiroletan ibilbide profesional zein esanguratsua izan dutenen eta dagoeneko erretiratu direnen lorpenak ezagutzera eman eta balioan jartzea du helburu. Patxi Astibia, Arria II., Mindegia eta Atano X. dira, besteak beste, bilduma bereko liburuak.

Alondegian aurkeztuko dute 12:30ean, eta Beheko Plaza abesbatzak girotuko du. Herritarrek bertan liburua erosteko aukera izango dute, 30 euroren truke.

Arratsaldean jarraituko du Endañeta oroitzeko jaiak, 18:30ean Odietako pilotalekuan hasita. Bere kirol ibilbidean bidelagun izan diren kirolariek, harri-jasotzaileek eta aizkolariek hartuko dute parte. Horrez gain, Sebastian Lizaso eta Millan Telleria ere arituko dira bertsotan.

Zehazki, ondorengo kirolariak izango dira:

Aizkolariak: Patxi Astibia, Donato Larretxea, Mikel Mindegia, Gabriel Saralegi, Inaxio Orbegozo Arria II, Anjel Arrospide, Joxemiel Peñagarikano, Jose Etxebeste, Jose Ugarteburu eta Fausto Mugerza.

Harrijasotzaileak: Karmele Gisasola Zelai III, Udane Ostolaza Ostolaza III, Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II, Hodei Iruretagoiena Izeta IV, Mikel Lopetegi Urra, Xabier Peña, Jon Gisasola Zelai V, Imanol Albizu Goikoetxe, Josu Urbieta, Martin Mendizabal Mendizabal III, Beñat Telleria Telleria IV, Aimar Irigoien, Jokin Eizmendi, Aimar Galarraga, Imanol Illarramendi Kortaberri, Julen Diaz Urizar Errota, Mateo Coloma Mateo, Gorka Etxeberria eta Josetxo Urrutia.